argia.eus
INPRIMATU
Balearetako eskoletan katalanak erdigunea hartu ahal izango du berriz
  • 2013ko ikasturtetik, Balear Uharteetako ikasleak katalanean, gaztelanian eta ingelesean oinarritutako hizkuntza ereduan ari dira ikasten, 80ko hamarkadaz geroztik katalanezko murgiltze ereduan aritu baziren ere. Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du ordea, hiru hizkuntzako eredua.

ARGIA @argia 2014ko irailaren 26a
TIL eredua ezarri izanak ikasle, irakasle eta hezkuntza eragileak kalera atera ditu behin baino gehiagotan. Argazkia: www.huffingtonpost.es

2013ko irailean Balearetako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen TIL (Tratamiento Integral de Lenguas) eredua, baina PPko José Ramón Bauzáren gobernuak Auzitegi Nagusiak esandakoa indargabetu zuen handik bi ordura ezarritako errege dekretu baten bidez. Beraz, 2013ko irailean Balear Uharteetako eskola publiko eta kontzertatuetan TIL eredua zen abian. 30 urte luzez katalanezko murgiltze ereduan aritu ondoren, hiru hizkuntzak parekatu zituzten: %30 katalanez,%30 gaztelaniaz eta %30 ingelesez. Ikasgaien %10 zein hizkuntzatan egin erabaki zezakeen ikastetxe bakoitzak.

Irakasleen Batzordeko kide Miquel Ángel Tortellek Diagonal hedabideari adierazi dionez, “poz ikaragarria izan da, ikastetxeetan lasaitua hartu dute hainbeste denboraz estresatuta eta borrokan ibili ondoren”. Izan ere, Balear Uharteetako ikastetxeen %80k ez zuen onartu TIL eredua. STEI, CCOO eta UGTk aurkeztutako helegiteen arabera, Konstituzioaren, Autonomia Estatutuaren, Hizkuntza Normalizazioaren Legearen eta LOMCE beraren kontrakoa da TIL.

Orain Auzitegi Gorenera jo dezake Gobernuak, baina Tortellen ustez, “epai honek gure aldarrikapenak berresten dituela uste dugu eta ez-hezkuntzaren kontseilari Joana Maria Campsen dimisioa eskatzeko argudio gehiago ditugu”.