Josune Arriaga eta Aurken Sola, hurrenez hurren, hamalau eta hamasei urteko espetxealdien ostean, baldintzapeko askatasunean irten dira kalera Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez.
Etxeratek informatu duenaren arabera, urriaren 28an irten da kalera Arriaga eta urriaren 29an Sola. Biak 2024ko udaz geroztik zeuden hirugarren graduan.
Bi iruindarrak izan dira dispertsioaren biktima, kartzelan egon diren urteetan etengabe lekualdatu baitituzte Euskal Herritik urrun zeuden espetxeetara. Aurken Sola 2021eko apirilean mugitu zuten Iruñeko kartzelara. Josune Arriaga ere han zegoen ordurako, baina Topaseko espetxean (Salamanca) igaro ditu azken urteak. Aste honetan utzi dituzte biak baldintzapean aske.
Arriaga 2007ko azaroan atxilotu zuten Bidarrain lanera zihoanean. Frantziak Espainiara estraditatu zuen 2010ean, eta ETAri laguntza ematea egotzita zigortu zuen Auzitegi Nazionalak bi urteren ondoren. Sola urte bat geroago sartu zuten kartzelara; aurretiaz ere beste bi urte pasa zituen barruan akusazio faltsu baten ondorioz, errugabetzat jo baitzuen Auzitegi Nazionalak bi urteren ondoren.