Horietako bati sexu erasoak egitea leporatu dio epaileak; bertzeari, berriz, adin txikikoak galbidean paratzea. Hamasei haur daude tartean, eta horietatik hamabi dagoeneko biktima gisa identifikatu dituzte. Lau familiak salaketa aurkeztu dute polizia etxean, eta senideek protesta egin dute Miarritzeko herriko etxearen aitzinean, azalpenak eskatzeko.
Poliziak Miarritzeko (Lapurdi) Mouriscot aisialdi zentroko 36 eta 21 urteko bi animatzaile atxilotu ditu asteartean, haurrak bortxatzea eta adin txikikoen ustelkeria delituak egotzita. Ortzegunean Baionako Fiskaltzak eskatu du bi gizonak behin-behinean espetxeratzeko, baina epaileak erabaki du baldintzapean aske uztea. Kautela neurriak jarri dizkie ordea; bertzeak bertze, debekatu die aisialdi zentroko haurrekin eta gurasoekin harremanetan paratzea, haurrak dauden eremuetara joatea, eta Pirinio Atlantikoetako departamendutik ateratzea. Fiskaltzak adierazi du ez duela helegiterik aurkeztuko.
Miarritzeko polizia etxeak bere gain hartutako ikerketa joan den uztailaren 12an hasi zen, 3 urte eta erdiko haur baten gurasoek salaketa paratu ondoren. Biktimak bere kabuz kontatu zuen udal instalazioan erasoak jasan zituela. Orain arte, 3 eta 4 urte bitarteko hamasei haur dira kaltetutakoak, eta horietatik hamabi dagoeneko biktima gisa identifikatu dituzte.
Fiskaltzaren oharrak nabarmendu duenez, sexu erasorik jasan izana adierazi ez duten gainerako adingabe batzuek “trauma zantzuak” erakutsi dituzte; beraz, litekeena da biktima kopurua handitzea. Adierazi du "afera biziki konplikatua" dela biktimen adinagatik, haurrek zailtasunak izaten baitituzte erasoak kontatzeko. Baionako ospitalean artatu dituzte, eta gai horietan espezializaturiko psikologo batekin egonak dira. Momentuz, lau familiak paratu dute salaketa polizia etxean.
Ikertutako gertakariak 2026ko uztailaren 1etik 16ra bitarte jazo ziren Mouriscot zentroan. Eskolaz kanpoko jarduerak eta lo egin gabeko eguneko kanpaldiak tartekatzen dituzte bertan. 36 urteko gizonak bi urte zeramatzan zentroan animatzaile; 21 urtekoa, berriz, uda honetan hasi zen lanean.
Epaileak jakinarazi duenez, akusatuetako bati sexu erasoak egitea egotzi dio, eta bertzeari adin txikikoak galbidean jartzea. Gaur egun eskura duten informazioarekin ezin dute argitu bi gizonak hitzartuak ziren ala ez erasoak egiteko, baina biek ala biek egozten zaizkien akusazioak ukatu dituzte.
Miarritzeko auzapez Serge Blancok bi gizonak kargutik kendu zituen ikerketen berri izan bezain laster; uztailaren 17an, hain zuzen. Hirugarren animatzale bat ere alboratu zuen, baina, fiskaltzaren erranetan, gaur gaurkoz pertsona hori ez dago ikerketapean.
Blancok adierazi du auzian parte zibil gisa arituko dela herriko etxea, eta eskutitza ere bidali die asteartean gurasoei, familiei jakinarazteko bi psikologoren laguntzaz entzute zerbitzuak ezarri dituztela herriko etxean.
Familiek protesta egin dute ortzegunean Miarritzeko herriko etxearen aitzinean, azalpenak eskatzeko. Izan ere, salatu dute abenduan helarazi zizkiotela herriko etxeari lehenbiziko kexak, baina hark ez zituela entzun.