Israelgo Gobernuak Espainiako Estatuko lau GKEri egotzi die Hamasi "funtsak" bideratzea, Palestinako herritarrei laguntzeko egiten dituzten elkartasun jarduerak direla-eta. Tartean dago Bakea eta Duintasuna, Euskal Herrian aspaldi errotutakoa. "Palestinaren aldeko nazioarteko sareak hausteko saiakera da", esan du komunikatu baten bidez elkarteak.
Israelgo Gobernuak txosten bat egin zuen publiko joan den ostegunean. EFE agentziak zabaldu duenez. Bertan, Espainiako Estatuko gobernuz kanpoko hainbat erakunderi (GKE) euren funtsak "zuzenean edo zeharka" Hamas talde armatuaren esku uztea egozten die. Zehazki, lau GKE jarri ditu jomugan Netanyahuren gobernuak: Globald Sumud flotillako parte den Rumbo a Gaza, Human Appeal, Al Quds arabiar munduarekiko elkartasun elkartea, eta Bakea eta Duintasuna.
Israelgo Gobernuak dio beste GKE batzuek mikromezenasgoaren bidez funtzionatzen duten bitartean, Espainiako Estatuko GKEn artean kreditu txartelaren eta beste aplikazioen bidez "zuzenean eta zeharka" egiten dituztela igorpenak. Baina ez du beste frogarik ematen, eta Palestinan "Hamasenak" omen diren ospitale edo erakundeekin omen dituzten loturak azpimarratu besterik ez du egiten.
"Baina badakigu helburu nagusia ez garela gu. Kanpaina honen helburua da duela hamarkada batzuetatik kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoaren proiektuari aurre egiten dioten erakunde palestinarrak erasotzea"
Bakea eta Duintasunak –Espainiako Estatuan Paz con Dignidad– urte asko daramatza errotuta Euskal Herrian eta 2002tik ari da lanean Palestinan. Komunikatu baten bidez salatu du "elkartasuna kriminalizatzeko" Israelen saiakera. Azaldu duenez, "frogarik gabeko akusazio horiek ez dira berriak", eta mugimendu sozialei "sinesgarritasuna kendu, eta haiek beldurtu eta isilaraztea" da beren helburua.
"Baina badakigu helburu nagusia ez garela gu –azaldu dute–. Kanpaina honen helburua da duela hamarkada batzuetatik kolonizazio, apartheid eta garbiketa etnikoaren proiektuari aurre egiten dioten erakunde palestinarrei eraso egitea". Testuinguruari erreparatzeko ere eskatu dute: Israelgo Gobernuak eta Netanyahuk publikoki esan dute Gazaren %70 kontrolpean edukitzeko planak dituztela, hala, euren esanetan, "erakunde palestinarren eta haiek babesten ditugunen kriminalizazioa ezin da proiektu politiko horretatik bereizi".
Eragile sozialei, herritarrei, hedabideei, alderdiei eta erakunde publikoei dei egin diete Israelen "kriminalizazio kanpaina" errefusatu eta "mobilizazioa, salaketa publikoa eta presio politikoa" indartu dezatela, Palestinako kolonizazioaren eta genozidioaren amaiera eskatzeko.