Baionako Fiskaltzak behin-behineko espetxealdia eskatu du 3 eta 4 urteko umeei sexu erasoak egitea egotzita atxilotutako begiraleentzat

  • Sexu erasoa eta adin txikikoen ustelkeria delituak egotzi dizkie Fiskaltzak Mouriscot aisialdi zentroko 21 eta 36 urteko bi akusatuei. 3 eta 4 urte arteko 16 haur daude tartean, eta horietatik 12 dagoeneko biktima gisa identifikatuta daude. Lau familiek salaketa aurkeztu dute polizia etxean. Ipar Euskal Herriko Itaiak erasoak salatzeko protesta bat antolatu du ortzegunerako.


2026ko uztailaren 23an - 11:46
Azken eguneraketa: 13:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baionako Fiskaltzak instrukzio bidea ireki du Miarritzeko (Lapurdi) Mouriscot aisialdi zentroko bi begiraleren aurka, sexu erasoa eta adin txikikoen ustelkeria delituak egotzita. Tartean bortxaketa bat ere ikertuko dute. Fiskaltzak berak zabaldutako ohar baten arabera, bi susmagarriak behin-behinean espetxeratzeko eskatu du.

Miarritzeko polizia etxeak bere gain hartutako ikerketa joan den uztailaren 12an hasi zen, hiru urte eta erdiko haur baten gurasoek salaketa jarri ondoren. Biktimak bere kabuz kontatu zuen udal instalazioan erasoak jasan zituela.

Orain arte, 3 eta 4 urte arteko hamasei haur dira kaltetutakoak, eta horietatik hamabi dagoeneko biktima gisa identifikatu dituzte. Fiskaltzaren oharrak nabarmendu duenez, sexu erasorik jasan izana adierazi ez duten gainerako adingabe batzuek "trauma zantzuak erakusten dituzte"; beraz, litekeena da biktima kopurua handitzea. Momentuz, lau familiek jarri dute salaketa polizia etxean.

Eskolaz kanpoko jarduerak eta lo egin gabeko eguneko kanpaldiak tartekatzen dituzte zentroan. 36 urteko gizonak bi urte zeramatzan bertan animatzaile; 21 urtekoa, berriz, uda honetan hasi zen lanean. Poliziak uztailaren 21ean atxilotu zituen biak beren etxeetan, eta egozten zaizkien akusazioak ukatu dituzte biek. Lau egun lehenago, uztailaren 17an, Serge Blanco Miarritzeko auzapezak funtzioetatik baztertu zituen; erabakia gertakarien berri izan ostean hartu zuen. 

Psikologoak familientzat

Blancok adierazi du auzian parte zibil gisa arituko dela herriko etxea, eta eskutitza ere bidali die gurasoei, familiei jakinarazteko bi psikologoren laguntzaz entzuketa dispositibo bat ezarriko dutela herriko etxean.

Ipar Euskal Herriko Itaiak, bere aldetik, erasoak salatu eta mobilizatzeko deia egin du, eta ortzegunerako protesta bat antolatu du: Miarritzeko herriko etxearen aitzinean izanen da, 19:00etan.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...