Baiona eta Sarako euskararen aitortzak behin-behinean atzera bota ditu Paueko auzitegiak

  • Prefetaren helegitea onartu du epaileak, erabaki horiek Konstituzioaren aurkakoak izan daitezkeela argudiatuz. Bi herriko etxeek helegitea eginen dute. Euskal Konfederazioak beste herrietako hautetsiak ere halako erabakiak hartzera deitu ditu.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko abuztuaren 17an - 11:47
Azken eguneraketa: 13:52
Paueko Auzitegi Administratiboan epaitu dute prefetaren errekurtsoa. C. Annerel
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Iragan asteazkenean izan zen Paueko Auzitegi Administratiboan prefeturak emandako helegitea aztertzeko berehalako auzia, eta aste bukaerarako iritsi zen emaitza: behin-behinean, bertan behera utzi ditu epaitegiak Saran eta Baionan herriko etxeek euskarari egindako aitortzak. Auzi azkarra izanik, forma aztertu zuten eta auziaren funtsa oraindik ere ebaztekoa da. Hala ere, erabaki honi errekurtsoa jarriko diotela adierazi dute bi herriko etxeek. Epaiketa egunean, Jean-René Etxegarai Baionako auzapezak adierazi zuen Kasazio Auzitegiraino iristeko prest direla.

Errepublikako Konstituzioaren bigarren artikulua bortxatzen dutelakoan utzi dituzte bertan behera aitortzak, frantsesa Frantziako hizkuntza bakarra dela dioen artikulua hain zuzen ere. Alta, joan den astean Euskal Irratietan mintzatu zen Antton Kurutxarri Baigorriko auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea, eta hark azaldu zuen zein oinarritan egiten diren aitortza hauek: "Bada 45 urte abantzu Konstituzioan idatzia dela udalerriek badutela haien administrazioaren eramateko libertate osoa", eta gehitu "Elkargoaren deliberoak, Sarako deliberoak, Baionako deliberoak ez dute ofizializatzen euskara, egiten dute akta ofizial bat, non ematen dioten euskarari inportantzia".

Euskal Konfederazioak, hauteskunde kanpainan herriko etxeak euskararen aldeko erabakiak hartzera sustatu zituenak, auzitegiaren erabakia gaitzetsi du ohar bidez. Anartean, erakunde gehiagotan ikusi nahi lukete Saran eta Baionan hartutako erabakia: "Euskal Konfederazioak ipar Euskal Herriko herriko kontseiluko guziak intimidazioen aitzinean buru egitera deitzen ditu, Sarako, Baionako eta Itsasuko herriko kontseiluek hartu bezalako deliberoak bozkatuz. Elkartea prest da hautetsiekin biltzeko, herriz herri, ekimen horren nondik norakoak berriz azaltzeko". Azaroaren 21ean Baionan antolatuko duten manifestaldira batzeko deia errepikatu du Konfederazioak, "Euskararen garaia da" lelopean.


2026ko uztailaren 6
Barra warroak
Urteten jakena

2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...