Gaizka Arakama Blancok, Urretxuko Udaleko langileak, salatu du udalak ez diola minbizia zuen emaztea zaintzeko hamar eguneko baimena eman. Arartekoak arrazoia eman dio Arakamari.
Mahai baten bueltan gauzak konpontzeko asmoa zuen Arakamak. Alabaina, udalaren prestutasunik eza dela eta, komunikabideen bidez eman du bere egoeraren berri. Salatu du 2024an udalak minbizia zuen bikotekidea zaintzeko hamar eguneko baimen bat ukatu ziola. Arartekora jo du, eta arrazoia eman dio, baina udalak ez dio erantzun. “Behin kimioa bukatuta, arrastorik ez dela geratzen ikusteko ebakuntza bat egin behar ziotela esan zioten emazteari. Adierazi zigutenez, ezin zuen pisurik hartu, eta ume txiki bat genuenez, bost eguneko baimena eskatu nuen. Lehenengo egunean printzipioz baietz esan zidaten. Bigarren egunean idazkariak idatzi zidan esanez alkateak [Jon Luquik] uste zuela nire egun libreetatik hartuko nuela eta ez zidatela baimena emango”. Ezezkoa jaso zuenez, bost egun hartu zituen libre zituen egunetatik.
Udalean Udalhitz izeneko hitzarmen bat dute. Horretaz gain, barne araudi bat dute zeinak ahalbidetzen duen kasu larrietan hamar urteko baimena hartzea. Hala ere, prozesua hasi zenetik ia ez du idatzizko informaziorik ezta azalpen “garbirik” jaso: “Ia ez denez idatzizko komunikaziorik egon, ez zidaten zehazki esaten ukatu izanaren zergatia. Soilik, beraiek uste zutela gauza larrietarako zegoela baimena. Ez dakit zer den minbizia baino larriagoa beraientzat”.
"Niri egunak dagoeneko ez zaizkit inporta. Etorkizunerako mugarri bat jarri nahi dut, Urretxuko Udalean beste zerbait gertatzen bada aurrekari bat egoteko"
Apirilaren 29ko Urretxuko Udalaren osoko bilkuran auziaz mintzatu dira. EH Bilduk Luquiri galdetu dio ea zergatik den Arartekoaren ebazpena bete ez duen bakarra, zein neurri hartuko diren erantzuteko eta zer eginen duten berriz ez errepikatzeko. “Alkateak esan omen du nik ez dakit zein postu nahi nuela, eta ezezkoa eman omen zidatenez haserretu egin nintzela. Ez dut inongo igoerarik ezta postu aldaketarik eskatu. Aurreko urtean aski nuen etxean genuen giroarekin, horrelako tontakeriekin aritzeko”, esan du Arakamak.
Arartekoak ezin du udala modu batean edo bestean jokatzera behartu, baina egun libre bezala hartutako egunak opor moduan itzultzea gomendatu du. “Niri egunak dagoeneko ez zaizkit inporta. Hala ere, ez nituen beste bostak hartu, banekielako ez zizkidatela emango eta ez nuelako egun libre gehiago. Etorkizunerako mugarri bat jarri nahi dut, Urretxuko Udalean beste zerbait gertatzen bada aurrekari bat egoteko”, aldarrikatu du Arakamak.
Trabak behin eta berriz
Sentitzen du lagundu beharrean trabak jarri dizkiotela behin eta berriz. Adibidez, hitzarmenaren arabera, pertsona batek gaixotasun larri bat duenean hilabete batez lanaldi erdira lan egiteko aukera dago. Bikotekideak erradioterapia zeukan garaian, baimena eskatu, eta soilik hilabete erdia eman zioten: “Ospitaleko ziurtagiria eskatu zidaten, eta behartu ninduten soilik tratamendua zuen egunetan hartzera. Nik baimen hori erabili dezaket alaba zaintzeko, bikotekidea erradioterapia egiten ari den bitartean edota ohean botata dagoenean ezin delako zutik egon”. Etengabeko trabek “ezinegon handia” sortzen zutela nabarmendu du: “Zeozer eskatu behar genuen bakoitzean, kasuen %99an bagenekien ezezkoa izango zela. Oso egoera deserosoak sortzen ziren”.