Baigorriko eta Baztango herritarrak Izpegin elkartuta, “herri beraren parte” direla erakusteko

  • Urtero bezala, mami politikoz jantziko dute ospakizuna eta aurtengoan faxismoaren eta estatu zapaltzaileen kontra antolatzeko deia luzatuko dute Nafarroako lepo ezagunetik.


2026ko irailaren 18an - 08:13
Izpegiko bestak, artxiboetako argazki bat. Basaizea elkartea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Herria "harrera herri izatea", hau da, "mugarik gabeko herri aske bat", horra zer nahi duten Izpegiko besten antolatzaile diren Baigorriko (Nafarroa Beherea) Basaizea elkarteak eta Nafarroa Garaiko Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazte batzuk. Gogorki salatu dituzte Frantziako zein Espainiako Estatuetako Polizien kontrolak, "immigrazio ilegalaren kontrako borrokaren aitzakiapean" egindakoak direnak eta finean, arrazakeriaren gorakada dakartenak. Etorkinak jomugan izateaz gain, Euskal Herriaren "zatiketa" ere eragiten dutela deitoratzen dute: "Ekintza horiek egunerokoan herri askea izateko trabak eta asimilazio prozesua agerian ematen ditu".

Mezu hori zabalduko dute ostiral honetan (irailak 18) eta zapatuan, Izpegi gainetik, bertako besten kari. Horrez gain, faxismoaren kontrako postura berresteko lekua ere izanen da: "Ezinbertzekoak dira besta herrikoien sare indartsu bat osatzea, edozein jarrera faxistari aurre egiteko. Alternatiba osatzen dugun ehunka herritarrok batu gaitezen faxismoaren kontra antolatzeko mugimendura".

Bi egunetako egitaraua

Larunbata izanen dute egun potoloa, baina bezperatik hasiko dira bazterrak berotzen, Bereko Bentan eskainiko duten bertso saio musikatuarekin. Kantuan ariko dira Haira Aizpurua, Malen Altzuart eta Amaia Elizagoien, eta musikan, berriz, Kattalin Arizmendi Ane Fagoaga eta Liza Elexpuru.

Biharamunean, 08:30ean abiatuko da Baigorritik mendi martxa, eta 11:00etan jarri dute hitzordua bizikletaz igo nahi dutenentzat, Baigorritik zein Erratzutik. 13:30ean eginen dute ekitaldi nagusia eta hortik ordu erdira bazkaria –txartelak salgai Basaizeako webgunean, Baigorriko Oronoz saltegian eta Erratzuko Zubi Punta ostatuan–. Eguna aitzinatu ahala, musikak hartuko du lekua: Tukukarrakak batukada, Odei, Skaregekasko eta Dj Üzkülüz ariko dira oholtza gainean.


Irakurri gehiago: Nafarroa Euskal Herria Jaiak Gizartea
Nafarroa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.