Bahitutako flotillako kideen aurkako abusuak eta tratu txarrak salatu dituzte

  • Asteazkenean heldu dira Israelera armada sionistak bahitutako Global Sumud Flotillako kideak. Sare sozialetan zabaldu den bideoan ikusten da Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gvir bahituak umiliatzen, lurraren kontra eta eskuak lotuta dauzkatela.

Itamar Ben Gvirren bideoko irudiak

2026ko maiatzaren 20an - 15:34
Azken eguneraketa: 2026-05-21 11:35
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Horrela egiten diegu ongi etorria terrorismoa babesten dutenei. Ongi etorri Israelera”, entzun daiteke Itamar Ben Gvirren ahotan ministroak berak X sare sozialean zabaldu duen bideoan. Israelgo bandera eskuetan esan ditu hitzok, Ashdod-eko (Israel) portuko eraikin batean: bere inguruan daude Global Sumud Flotillako kideak, eskuak bizkarrean lotuta eta lurraren kontra jarrita. Soldaduek bortizki eraman dituzte flotillako kideak, "Palestina askatu" dioen kide bat nola kolpatzen duten ere ikusten da bideoetan: dozenaka pertsona ageri dira behearen gainean, bozgorailuetatik Israelgo ereserkia entzun bitartean. Eta mehatxuak ere entzun dira ministroaren ahotan: Netanyahuri eskatu dio flotillako kideak bere eskuetan utzi ditzala, kartzelan, alegia.

Global Sumud Flotilla mugimenduak bahiketa eta tratu txarrak gaitzetsi ditu, eta kide guztiak askatzeko exijitu du. Adalah “Israelgo arabiarren” eskubideen aldeko abokatuen elkarteak, bideoak sare sozialetan haizatu dituenak, erasoa gaitzetsi du, eta gaineratu du mota horretako “tratu txarrak” izan direla aurretik ere flotillako kideen aurka. Nazioarteko komunitatean Italia izan da erreakzionatzen lehenengoa. Bideoan gertatutako erasoa “onartezina” dela adierazi du gobernuak, eta Israelek Erroman duen enbaxadorea bilerara deitu duela jakinarazi du.

Ministroak zabaldutako bideoak are gehiago eraman ditu nazioarteko begiradak hara, aurretiaz ere fokupean zegoen, ordea. Izan ere, astearte eguerdian jakinarazi du Global Sumud Flotilla nazioarteko mugimenduak ordurako geratzen ziren hamar ontziak ere bahitu dituela Israelek, horren aurretik, astelehenean 50 ontzi baino gehiago bahituak zituen armada sionistak. Guztira, beraz, 40 nazio baino gehiagotako 428 zibil bahitu ditu Ben Gvirren armadak, nazioarteko uretan, betiere. 

Bahituen artean dira sei euskal herritar. Astelehenean bahitu zituzten lehen lauak: Jotas, Karim, Hegoa eta Amarga. Guztiek gose greba abiatu zuten; Karimek egarri greba ere bai. Astearteko bahituekin, mugimendu orokorreko 400dik gora ekintzaileetatik gutxienez 87 gose greban daude, "legez kanpoko bahiketa salatzeko eta Israelgo kartzeletan bahituta dauden 9.500tik gora palestinarrekin elkartasunean", Global Sumud Flotillak jakinarazi duenez. 


2026ko ekainaren 2
Haizea Ziluaga Larreategi, Global Sumud Flotillaren abokatua
“Bingen Zupiria epaitegian deklaratzera deitu beharko lukete”

2026ko maiatzaren 26
Global Sumud Euskal Herriaren mobilizazioa Eusko Legebiltzarraren aurrean
“Gezur hutsa da Ertzaintza probokatu genuela, eta munduak hori badaki”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.