Badator hezkuntzako matrikulazio kanpaina

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hezkuntzan ikasturtea irailean hasten bada ere, urte berria estreinatzearekin laster abiatzen da datorren ikasturtean haurrak matrikulatzeko garaia. Aurten, otsailaren 2tik 13ra izango da matrikulatzeko epea. 

2023an babes sozialik gabe onartutako 17/2023 Hezkuntza Legepean ezartzen ari diren hezkuntza-politikak, aurreko hamarkadetan izandakoaren jarraipen dira. Agindu eta dekretu berriak aldebakarrez aplikatzen ari da Hezkuntza Saila “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko”(EHZP) gisa definitzen duena arautzeko. Horien artean, urtarrilean argitaratu duen 2026/2027ko ikasturteko onarpen agindua.

EHZPan ikastetxe publikoak eta itunduak berdinak balira hartzen dira planifikazioan eta onarpen prozesuan, eskubide eta betebeharretan, eta horrek hirietako auzoetan edo herrietan ikaspostu publikoen galera dakar, beste pribatu batzuk ituntzen diren bitartean. Euskal Eskola Publikoaren babes eza nabaria da.

Argi daukagu hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra eraiki behar dela; hori baita gizarte guztiaren aukera berdintasuna, ekitatea eta kohesioa bermatzeko bide bakarra

Bitartean, Hezkuntza publikoaren finantzazioa Europa mailan eskatzen den BPGaren %6tik urruti dago eta azken urteetan itunpeko ikastetxe sarearen finantzaketak igoera nabarmena izan du: 2021/2022 ikasturtean 630,6 milioikoa izatetik gaur egun 919,18koa izatera igaro da, %46ko igoera izanik. Finantzazioa nabarmen igotzeaz gain, legea onartu zenetik Hezkuntza Sailak aldebakarrez aplikatu duen hezkuntza-politika pribatizatzailea agerikoa da: gelak ituntzeko gutxieneko ratioen jaitsiera; bi urteko gelen ituntzea; ikasle zaurgarrien banaketaren iruzurra; gaineskaintzaren aurkako neurri eza…

Onarpen prozesuari dagokionez, itunpeko sareak EAEko ikasleen %49 matrikulatzen du, baina behera egiten ari da etapa guztietan. Jaiotza-tasa behera doan honetan, ikastetxe batzuk ixteko arriskuan egon daitezke eta, matrikulazioaren planifikazioan eragitea ezinbestekoa da Euskal Eskola Publikoa babesteko.

Azken egunotan, eta matrikulazio kanpainaren atarian, komunikabideetan titular faltsu batzuk irakurri ditugu, besteak beste, ikastetxe publikoko eta sare itundutako ikasleen selektibitateko kalifikazioak alderatzen dituena. Ikerketa hori ez da zuzena, D ereduko ikasleak bakarrik hartu baitituzte kontuan, sare itunduaren ehuneko altu bat –B eredukoa, hain zuzen ere– alderaketatik kanpo utziz.

Argi daukagu hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra eraiki behar dela; hori baita gizarte guztiaren aukera berdintasuna, ekitatea eta kohesioa bermatzeko bide bakarra. Zure auzo edo herriaren alde egiteko, sare soziala osatzeko, euskalduntzeko, STEILAS sindikatuak denona eta denontzat den Euskal Eskola Publikoan matrikulatzeko dei irmoa luzatzen dizu.

Itxaso Piquer, Javi Kerexazu eta Haizea Arbide, STEILAS sindikatua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin