Babestutako eremua izanik ere, Urederran bainatzen jarraitzen du jendeak

  • "Hango uren urdin turkesak Kariben zaudela pentsaraziko dizu; erreka hau, ordea, Nafarroan jaiotzen da eta aurrez lekua gordeta soilik bisita daiteke". Hamaika webgune eta sare sozialek bota dute amua, Urederra paraje zoragarria dela eta merezi duela hara gerturatzea. Jende ugarik egin dio kosk amuari, zenbaitzuk uretan murgiltzeraino, babestutako eremua izanik ere. Jokabide horrek hainbat isun ekarri du uda sasoi honetan ere bai.


2026ko uztailaren 16an - 09:25
Azken eguneraketa: 10:37
Amescoa.com
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Badira kartelak debekuez informatzen dutenak, Bakedaoko harrera-guneak zein Nafarroako Gobernuak ere bisitariak ohartarazten dituzte sare sozialetan eta plazaratutako mezuetan, lekua gorde behar den webgunean arauen berri ematen da... Alferrik, jende batek jarraitzen du Urederra ibaira sartzen, María Puy kazetariak Diario de Navarra egunkarian ohartarazi duen bezala.

Urederraren sorlekua bera ezin da bisitatu, ibilbidearen azken partea itxita dagoelako, hura kontserbatzea helburu, aipatu webgunean irakurri daitekeenez. Horrek ere, jende bati bost, baimendutako bidetik ateratzen dira, Wikiloc-eko ibilbideak handik joateko markatzen zuelako edo auskalo zergatik. Kazetariak dioenez, parajeok zaintzen dituzten langileek ez dakite ziur zerk bultzatzen dituen pertsona batzuk arauak haustera.

Batzuetan, lehen begi kolpean sumatzen dute bisitariek badutela intentziorik errekan murgiltzeko, igero egiteko tramankuluak jaisten dituztelako autotik; beste batzuek, aldiz, disimuluan egiten dute, sei bat kilometro luze dauzkan joan-etorrian, aukera ikustean uretan sartzeko. Horrek, baina, bereziki hauskorra den ingurunea erasaten du, flora eta fauna kaltetzen.

Egunean gehienez 500 bisitari

Aspaldi ez naiz Urederran izan; duela hamabost urte, agian hogei, izango nintzen azkenekoz. Udaberriko edo udako asteburu bat izango zen, dozena bat lagun gurutzatuko genituen bidean. Gaur gaurkoz, martxotik azarora bitartean, gehienezko bisitari kopurua dago: egunean 500 lagun, hiru tartetan banatuta – 200 lagun 11:00etan, 100 lagun 11:00ak eta 14:00ak artean, eta beste 200 14:00etatik aurrera–. Izugarria da naturagune batzuetan nola hazi den bisitari kopurua.

 


Ingurumena kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 14
Izarrak ikusteko begiratokiak
Lau puntu kardinal, mila dir-dir zeruan

2026ko abuztuaren 13
Hiriko basabizitza
Urubien atzetik

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...