Babacar Welleren heriotzari buruzko ikerketa etenda dauka Poliziaren Kontrol Batzordeak

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikita dagoen batzordeak atestatu polizialetara sarbidea eskatu du, eta hori eman bitartean geldirik dauka udaltzain batek hildako hondarribiarrari buruzko ikerketa, El Diario Vasco egunkariak zabaldu duenez. Ertzainen esku hartzearekin zerikusia duten beste kasu batzuk ere egoera berean daude. Babacar Welleren senide eta lagunek diru-bilketa hasi dute bere gorpua Senegalera eraman ahal izateko.

Babacar Welleren hilketa salatzeko manifestazioa Foku

2026ko urriaren 14a - 12:40
Azken eguneraketa: 15:06
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ertzainen zein udaltzainen jokabidearen ondorioz eskubide urraketarik egon izan den aztertzen duen EAEko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak, etenda dauka pasa den irailaren 28an udaltzain batek tiroz hildako Babacar Welle 46 urteko Hondarribiko senegaldarraren kasuari buruzko ikerketa. El Diario Vasco egunkariak zabaldu duenez, agintaritza judizialari polizia atestatuetara sarbidea eskatu dio batzordeak, eta hori lortu bitartean ez du txostenarekin aurrera jarraituko.

Kontrol batzorde hori Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari atxikita dagoen arren, legez independentea da eta hainbat karguk osatzen dute. Hondarribiko Udalak eskatu zion ikertu zezala Welleren tiroz hil zuten gertakaria, auzitegian irekitako ikerketatik harago; horretarako, eskura zeukan informazio guztia eskaini zion. Honek onartu egin zuen eskaria, baina orain geldirik dauka kasuari buruzko txostena. Orain arte batzordeak zioen bere ikerketa bide penalaren erabat desberdina zela, baina irizpidea aldatu du, eta baimen judiziala behar duela dio orain.

Batzordeak beste hiru kasuri buruzko ikerketak ere etenda dauzka, pasa den abuztuan jakinarazi zuenez: 2025eko apirilean Bilboko Errekalde auzoan Etxarri II gaztetxearen hustean barrabila galdu zuen Iker Arana gaztearen kasua; joan den urteko urriaren 12an Gasteizen izandako istiluetan Aritz Ibarra ilustratzaile gasteiztarrari matrailezurra hautsi ziotenekoa; eta 2026ko otsailean ertzain batzuek Sestaon atxiloketa bat egiten ari zirenean hainbat lagun borra luzagarriekin kolpatu zituztenekoa.

Hain justu, Juan Luis Ibarra magistratu ohiak pasa den urteko abenduan batzordearen presidente izateari uko egin zion, Ertzaintzaren kolaborazio falta kritikatu ondoren, eta Enrique Lucas Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko bokal ohiak hartu zuen kargua.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.