Hondarribiko (Gipuzkoa) Senegalgo komunitateak deituta elkarretaratu dira asteartean eta "justizia" eskatu dute astelehenean udaltzain batek tiroz hildako kidearentzat: "Buruz gaixo zegoen, baina hori ez da arrazoi bera hiltzeko". Hondarribiko Udalak samina adierazi du eta Ertzaintzak heriotzaren inguruan abiatutako ikerketan "parte aktibo" izatea eskatu du.
Dozenaka lagun bildu dira astearte honetan Hondarribiko Martxoak 8 plazatik abiatu den mobilizazioan, Babacar Welle herrikidearen heriotza salatzeko. Astelehenean udaltzain batek hiru tiro jota hil zuen Welle, hori, labana bat eskuan, ertzain bati eraso egiten saiatzean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bertsioaren arabera.
Wellek buruko nahasmendu larria zuen eta gizarte zerbitzuek artatzen zuten, baina botikak hartu gabe zebilen azkenaldian, kale gorrian bizitzen. Hainbatetan tentsio uneak bizi izan ziren, bere jarrera zela-eta, baina gertaerak asaldura sortu du herrian. Egoera horretara iritsi aurretik ezer gehiago egin ote zitekeen galdetzen du askok, eta komunitate senegaldarrak Poliziaren jarrera arrazista ere salatu du: "Poliziak arazo bat zuen Babacarren kolorearekin", esan dute.
Mankosenegal Hondarribiko senegaldarren komunitateak deituta egin dute mobilizazioa, eta amaieran komunitate horretako hainbat kidek hitz egin dute: "Kolektiboki denok egin dugu porrot. Lehenengo gu, senegaldar herriak porrot egin du, udaltzainek porrot egin dute, udalak porrot, Eusko Jaurlaritzak porrot eta gizarte zerbitzuek ere, porrot egin dute", ziurtatu du haietako batek.
"Kolektiboki denok egin dugu porrot. Lehenengo guk, senegaldar herriak porrot egin du, udaltzainek ere porrot egin dute, Udalak porrot, Eusko Jaurlaritzak porrot eta gizarte zerbitzuek ere, porrot egin dute"
Komunitate senegaldarra oso sendoa da Hondarribian, asko arrantzaleak dira eta urteak daramatzate herrian errotuta: "Urteak daramatzagu Hondarribian eta inoiz ez da arazorik egon", gogorarazi du hitza hartu duen beste batek. Welleren kasuan, salatu dute "enpatia falta" handia izan dela berarekin: "Buruz gaixo zegoen, baina hori ez da arrazoi bera hiltzeko".
Irungo Harrera sareak ere bat egin du mobilizazioarekin, eta eskatu du ikertu dadila ea Welle behar bezala artatu zen bere agerraldi psikotikoen ondorioz.
Larunbatean beste manifestazio batera deitu dute, 17:00etan, Hondarribiko Udaltzaingotik hasita.
Hondarribiko Udala: "Honek hausnarketa sakona eskatzen du"
Hondarribiko Udalbatzak adierazpen instituzionala onartu du asteartean "doluminak eta samina" helarazteko: "Gure atsekabe eta samin sakona adierazi nahi dugu hain egoera tragikoan Babacar Welle hondarribiarraren heriotza dela eta", dio onartutako testuak.
Udalaren ustez heriotza horrek "hausnarketa sakona" eskatzen du, egoera zaurgarrian zegoen pertsona horrek ea behar zuen "laguntza" eta "arreta" jaso ote zuen. Era berean, Ertzaintzak heriotza argitzeko abiatutako ikerketan Hondarribiko Udalak "parte aktibo" izatea eskatu du.
EAJko udal taldeak, beste ohar batean, "herritarren segurtasuna bermatzeko lan egiten duten profesionalei" babesa adierazi die: "Agenteek ere eskubidea dute beren lana segurtasunez egiteko, eta beren osotasun fisikoa zein inguruko pertsonena babesteko", zehaztu du polizien jarduna defendatzeko.
Bingen Zupiria: "Beraien prestakuntzaren arabera jokatu zuten"
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak Hondarribiko heriotzaren kasuaz galdetuta, asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean egin behar zuen agerraldi baten aurretik esan du "beren iritziaren eta jasotako prestakuntzak adierazten duenaren arabera" jokatu zutela agenteek.
Sailburuak, bere sailak aurreko eguneko oharrean jasotakoa berretsi du, eta esan du "arrisku handiko" egoera bat izan zela Hondarribikoa: "Ez Udaltzaingoak ez Ertzaintzak ezin diote utzi pertsona bati hiri baten erdigunetik ibiltzea jendea mehatxatuz eta arrisku handiko egoerak sortuz".
Welle tirokatu zuen udaltzaina zerbitzutik kanpo dago momentu honetan eta arma kendu diote, Ertzaintzak ikerketa burutzen duen bitartean. Bai agente horrek bai operatiboan parte hartu zuten beste sei agenteek ere, jadanik deklaratu dute polizia-etxean.