Babacar Welleren gorpua Senegalen da jadanik, herritarrengandik jasotako laguntzari esker

  • Hondarribian udaltzain batek tiroz hildako senegaldarraren gorpua bere gurasoek eta anai-arrebek jaso dute larunbatean. Herritarren artean egindako diru bilketari esker, eta bereziki haietako baten ekarpenagatik lekualdatu ahal izan dute hilkutxa Dakarrera. Arrazakeriaren aurkako asanbladek deituta manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan, gertatutakoa argitu dadila eskatzeko.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egin dituzte igandean Babacarren hilketa dela-eta justizia eskatzeko. Irudian, Donostiakoa. Donostiako Asanblada Antiarrazista

2026ko urriaren 27a - 10:16
Azken eguneraketa: 2026-10-29 08:10
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Udaltzain batek Hondarribian (Gipuzkoa) tiroz hil zuen Babarcar Welle irailean; eta haren gorpua Dakarren da jadanik. 46 urteko senegaldarraren hilkutxa aberriratzeko, diru-bilketa kanpaina abiatu zuen Euskal Herriko senegaldarren komunitateak, eta herritarren artean 2.725 euro jaso dituzte. Garraio kostu horiek ordaintzeko, bereziki garrantzitsua izan da herritar anonimo batek egindako ekarpena, Mankosengal elkarteko lehendakari Awa Seckek El Diario Vasco-ri adierazi dionez.

Hilkutxa pasa den ostiralean atera zen hegazkinez Loiuko (Bizkaia) aireportutik eta Estanbulen geldialdia egin ondoren, larunbatean iritsi zen Dakarrera; han bizi dira Wellen guraso eta anai-arrebak. Mankonsengaleko lehendakariak herritarren laguntza eta babes keinuak eskertu ditu. Bestetik, azaldu duenez, oraindik ikerketa judizialaren zain daude, Wellen heriotzaren inguruko ardurak argitzeko. 

Manifestazioak hiriburuetan

Arrazakeriaren aurkako asanbladek deituta, igande honetan manifestazioak egin dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, Welleren memoria "bizirik" mantentzeko eta bere hilketaren harira justizia eskatzeko. Halaber, "arrazakeria instituzionala" ere salatu dute manifestazioetan parte hartu dutenek. Justizia Babacarrentzat. Arrazakeria polizialari ez lelopean, jende ugari batu da, eta "Inor ez da ilegala" eta "Babacar gogoan zaitugu" oihuak entzun dira, besteak beste.

Mobilizazioen amaieran irakurritako komunikatuan, antolatzaileek nabarmendu dute Poliziak erabateko "inpunitatearekin" jokatu duela beste behin: "Inpunitate hori baliatuta, saiatuko dira gu konbentzitzen bera eroa zegoela, arriskutsua zela, ez zegoela beste modurik hiru tiro jotzea baino, eta okerreko tokian zegoela. Polizia, Estatua eta hedabideak saiatuko dira hilketa arrazista hau aurkezten heriotza justifikagarri bat balitz bezala".

Iruñean, bestalde, Welleren hilketaz gain, gogoan izan dute duela hamar urte Espainiako Poliziaren komisaria batean hildako Elhadji Ndiaye. "Ez da kasualitatea pertsona beltz batek poliziekin talka egiten duenean bortxatuta edo hilik amaitzea, izan udaltzaina, Ertzaintza edo Polizia", esan dute.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.