“Babacar ezin digute itzuli, hilotz bat bueltatuko diogu familiari, baina justizia bai egin daiteke”

  • Duela urtebete inguru sortu zuten Hondarribiko emakume senegaldarren Mankosengal elkartea, eta bertako lehendakaria da Awa Seck. Udaltzain batek Babacar Welle tiroz hil ondorengo egunak “oso gogorrak” izaten ari direla azaldu digu. Komunitate bezala herritarrekin duten harremanaz ere hitz egin du: “Hondarribiko herritarrek beti hartu izan gaituzte ondo, eta horrela jarraitu nahi dugu”.

Awa Seck, Hondarribian asteartean egindako elkarretaratzean, hedabideei adierazpenak egiten. Foku / Gorka Rubio

2026ko urriaren 1ean - 05:55
Azken eguneraketa: 13:59
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zer moduz zaudete gertatutakoaren ondoren?

Ondo esan beharko da. Egun oso gogorrak izan dira, benetan. Asko harritu gaitu honek guztiak, inoiz ez genuen pentsatuko horrelako zerbait gertatuko zenik. Gu hemen aspaldi bizi gara, eta lasaitasunean eta konfiantzarekin egiten dugu bizimodua; Babacarrek horrela amaitu izanak benetan harritu gaitu. Poliziak nahi zuena egin zezakeen bera gelditzeko, baina hiltzea…

Jendearen babesa sumatu duzue?

Astearteko manifestazioan jende asko egon zen eta herritarren babesa jaso dugu, guk horrela sentitu dugu behintzat egun hauetan guztietan, jendea ondoan izan dugula.

Bera hil aurretik zerbait gehiago egin zitekeela esan duzue.

Guk ezagutzen genuen eta bagenekien ez zegoela buru osasunetik ondo, nahasmendua zuela eta gaizki zegoela, gaizki ari zela pasatzen, hori bagenekien. Horregatik diogu, lehenik gure porrota izan dela, komunitatearena. Baina gurea bakarrik ez, Babacarri gertatutakoa eta egin diotena gizarte osoaren porrota ere izan da, orokorrean herritarrona, udaletxearena, zerbitzu sozialena… denona izan da porrota, eta horrela ulertu eta onartu beharko genuke guztiok.

Berarekiko enpatia falta nabarmendu duzue, bada arrazismoa salatu duenik ere.

Azkeneko hori ez da zehazki horrela, nik ez dut uste arrazista hitza hemen jartzea egokia denik, hemengo jendea behintzat ez delako arrazista. Bakoitza libre da nahi duen bezala pentsatzeko, eta batzuek esango dute arrazakeria dagoela atzean, baina ni ez nago ados horrekin, ez dudalako hori ikusten ezagutzen dudan jendearen artean. Hori garbi geratu dadila nahi nuke. Guk urte asko daramagu hemen bizitzen eta inoiz ez gaituzte gaizki tratatu, Hondarribiko herritarrek beti hartu izan gaituzte ondo, eta horrela jarraitu nahi dugu.

Senegaldarrak komunitate errotua zarete Hondarribian. Kezkatzen dizue gertaturikoak harremana aldatuko ote duen?

Denoi arduratzen gaitu, inoiz ez delako horrelako zerbait gertatu. Baina lehen esandakoa azpimarratu nahi dut: herri honetako jendea, jende ona da, benetan. Nire semeak hemen jaio dira, eta hemengo ikastetxean ari dira ikasten, eta inoiz ez dugu arazorik izan, erlazio oso ona dugu denekin. Hortik aurrera, zenbait tokitatik jaurtitzen diren mezuen harira, bakoitzak bere iritzia izango du, baina horrelakoak ezin ditugu saihestu, beti egongo dira mota horretako mezuak jaurtitzen dituztenak, hori badakigu.

Zuen komunitateak herriarekin duen lotura indartzeko lanean jarraituko duzue?

Bai, hori aldarrikatzeko momentua ere bada hau. Ni herri honetan ondo sentitzen naiz, emakumeen elkarte bat daukagu eta hortik aritzen gara eta arituko gara lanean.

Ikerketa Ertzaintzaren eskuetan dago, zer eskatzen duzue orain elkartetik?

Justizia, besterik ez. Babacar ezin digute itzuli, hilotz bat bueltatuko diogu bere familiari, baina justizia bai egin daiteke, eta hori da soilik eskatzen duguna.

Senegalgo senideekin hitz egin duzue?

Bai, anaia hemen bizi da eta bere iloba batekin ere izan gara, Senegalen bizi dena, berarekin hitz egin dut telefonoz. Imajina dezakezu nola hartu duten albistea, zizko eginda geratu da: bat-batean norbaitek deitzen dizu esateko zure senidea hil dutela…  guztiz harrituta geratu da. Familia oso gaizki ari da pasatzen.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.