Bernat Etxepare lizeoko ikasleek pasa den astean jakinarazi zuten desobedientziaren bidea hartu eta baxoko matematikako azterketa euskaraz egingo dutela, etsaminak ez zuzentzeko arriskua izanik ere. Azterketak Euskaraz kolektiboak ikasleok izan ditu gogoan, Herri Urrats festan egindako mobilizazioan: "Nahi dakotegu gure sustengu guzia helarazi eta goresmenak eman ukan duten kuraiagatik". Ekainaren 6an manifestazioa egingo dute Bordelen.
"Sustengutik at, egun zuen aitzinean, buraso eta erakasle gisa, azkarki salatzen dugu ez dugula onartzen gure haurrak mespretxatuak izan ditezen eta koletiboak dena eginen duela, euskaraz idatziriko kopia guziak zuzenduak izaiteko", adierazi dute Azterketak Euskaraz taldeko kideek Senperen, Herri Urratseko egitarauaren barruan egindako agerraldian.
"Duela urte bat, eta errektore berria Bordaleko Akademiara etorri denetik, eragile guziek jakinarazi zuten bai Parisen eta bai Bordalen, Azterketak Euskaraz gaiaren aitzinarazteko idekiak zirela", azaldu du kolektiboak. Gainera, joan den urtean "Huart errektore jaunak aitzinamenduak izanen zirela" gogoratu dute, eta Hiri Elkargoko Etchegaray lehendakariak jakinarazi zuela azterketen inguruan "ez zela deus aitzinatzen".
"Urte bat berantago, konfirmatzen dizuegu ez dela deus aitzinatu", salatu du Azterketak Euskaraz-ek. "Egiten dugun ohar bakarra: gaitzeko gibelatze bat izan dela", dio kolektiboak. "Errana izan zaigu Matematikako azterketa frantsesez pasatu beharko dutela gure alaba-semeek, nahiz eta erakasle euskaldun aski izan euskaraz idatziriko kopien zuzentzeko. Jakinez, 2020 arte, hots Blanquer erreforma iritsi arte, euskaraz egiten zutela arazorik gabe. Bide beretik, duela bi urte terminaleko ikasleek baxoko ahozko handia euskaraz pasatu zuten, euskaldunak ziren erakasleen aitzinean. Aurten ezinko dute euskaraz egin".
Hainbat urrats
"Egoera ulertezin eta zentzugabe horren parean", gazteek baxoa beren hizkuntzan pasatu ahal izateko, Azterketak Euskaraz koletiboak hainbat urrats eman ditu. Batetitik, hiru astetan, mila guraso eta euskalzale baino gehiagok 15.000 mezu baino gehiago igorri dituzte hainbat erakundetara (hala nola Paueko ikuskaritza akademikora, Pariseko Hezkunde Nazionalera eta Bordeleko errektoretzara) haien erabakia aldatzeko galdeginez. Eta, bestetik, 37 herriko etxek aho batez sustengu mozio baten alde bozkatu dute, zeina 600 hautetsik izenpetu duten, baita 80 auzapezek ere, tartean Bokale, Baiona, Miarritze, Angelu, Donibane Lohitzune, Ziburu eta Hendaiakoek.
"Euskal Herrian denak Azterketak Euskaraz pasatzearen alde baldin badira ere, Hezkunde Nazionaleko ministroa eta haren Bordaleko ordezkaria, mutu eta kokaturik egoten dira haien posizioan", salatu du kolektiboak. Euskaltzale, irakasle eta hautetsi guztiei lanean jarraitzeko dei egin diete: "Ondoko lau asteetan, aitzinamenduak lortu behar ditugu, bai ala bai".
Ekainaren 6an, manifestazioa Bordelen
Datozen egunetarako mobilizazioak deitu ditu Azterketak Euskaraz taldeak. Ekainaren 6an Bordelen (Frantziako Hezkuntza Sailak duen egoitzaren aitzinean) egingo duten manifestazioa nabarmendu dute: "Gazteeri gure sustengua adierazteko eta errektoretzarengandik euskaraz idatziriko kopiak zuzenduak izanen direla segurtatzeko, autobusak antolatuak izanen dira ekimen horren kari. Gazte, ez hain gazte, buraso, hautetsi, erakasle, anitz izan beharko baikara matematika etsaminetik sei egunetara iraganen den mobilizazio horretan".
Erik Etxart (Seaska): "Zer motako demokrazia da hau?"
Baxoko azterketen bueltan, ikasleek zigorrik gabeko etorkizuna bermatzeko lan egiten dutela goraipatu du Seaskako presidente Erik Etxartek Senperen. "Ez dugu sekula zentzuzko argumentu bakarra entzun bidegabekeria hau azaltzeko. Zer motako demokrazia da hau?", galdetu du. Halaber, baliabideak mugatzen dizkietela salatu du, irakasle lanpostu berririk ez baita sortuko. Zazpi irakasle gehiago lortu ezean, zenbait ikasgeletan 37 ikasle egon litezkeela begi txarrez ikusten dute euskaltzaleek, Franck Dolosor kazetariak azaldu moduan Enpresabidea agerkarian. Bestalde, Seaskako presidente-orde Sophie Layusek, sustengu mozioari emandako babesaz hitz egin du, egoera desblokeatzeko presio egitearen garrantzia azpimarratuta.