Kaleratzeak Stop plataformak salatu du Donostiako Amara eta Gros auzoetan dauden hogei etxebizitza huts "presaz" saldu nahi dituela Azora funts putreak, legeak etxebizitza horien erabilera mugatu baino lehen. Funts putreen bueltan asteotan ezagutarazi diren hamaika kasuen artean bat gehiago da Donostiakoa.
Kaleratzeak Stop plataformak salatu du Donostiako Amara eta Gros auzoetan dauden 20 etxebizitza huts "presaz" saldu nahi dituela Azora funts putreak. "Azorak ez du nahi etxebizitza horiek desjabetu edota nahitaez alokairuan jartzera behartzerik, Euskadiko Etxebizitzaren Legeak eta 149/2021 Dekretuak baimentzen duten moduan", dio elkarteak: "Espainiako Ministroen Kontseiluak lege dekretua onar lezake asteartean, zeinak maizter zaurgarriak babestuko lituzkeen, amaitutako kontratuak luzatzeko aukera eman, eta aldi baterako kontratuak arautu. Azora beldur da, eta egun batetik bestera erabaki du etxebizitzetako batzuk salgai jartzea". Herritar gehienentzat ordaindu ezinak diren preziotan jarri ditu salgai, gainera, Kaleratzeak Stop plataformaren hitzetan, "Donostian metro koadroa estatuan garestien dagoen hiria dela baliatuta".
Elkarteak gaineratu du urrian egingo den osoko bilkuran mozioa aurkeztuko duela, bai Donostiako Udalari eta bai Jaurlaritzari eskatzeko abiatu ditzala etxebizitza horien desjabetzerako edota nahitaezko alokairurako tramiteak, Etxebizitzaren Legearen 72. artikulua eta 149/2021 Dekretua oinarri hartuta. "Funts putre guztiek helburu bera daukate, etxebizitza eskubidearekin espekulatu eta ahalik eta etekin handiena lortzea", salatu du plataformak, Madrilgo Mari Carmenen kasuari erreferentzia eginda.
Pasa den asteazkenean Madrilen etxegabetu zuten adineko emakumea da Mari Carmen. Haren kasuak etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua are gehiago hauspotu du Espainiako hiriburuan, eta larunbat honetatik dozenaka kanpin denda daude Sol plazan, Maizterren Sindikatuak egindako deialdiari erantzunez. Gobernuari eskatzen diote etxebizitzarako eskubidea bermatuko duen dekretua onar dezan –Maricarmen dekretua izena jarri diote–.
Maricarmenek babes mezua bidali du Madrilgo Gregorio Marañon ospitaletik: "Jarraitu zuen gorputzak eusten duen artean. Espero dezagun hau guztia bihar amaitzea, eta orain pairatzen ari zareten egoera zuzendu ahal izatea". Hain justu, sindikatuak jakinarazi duenez, Sumarrek, ERCk, Podemosek, EH Bilduk eta BNGk prentsaurrekoa emango dute astelehenean ospitaleko sarreran, dekretuari babesa adierazteko.
Bartzelonan, bestalde, Maizterren Sindikatuak elkarretaratzea deitu du astelehenean, Espainiako presidente Pedro Sánchezek hirira egingo duen bisitaren harira. Halaber, sindikatuak jakinarazi du ez duela baztertzen etxebizitza eta lan eskubideen aldeko greba orokor bat deitzea, "gauzak aldatzen ez badira". Sindikatuko bozeramaile Enric Aragonesek Pedro Sánchezi eskatu dio ez dezala "iruzurra izan daitekeen" dekretu bat onartu.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanblada herritarrak deitu ditu urriaren 2an Hego Euskal Herriko hiriburuetan, "etxebizitza-eskubidea bermatzea" helburu. Euskal Herrian egunean 3,6 etxegabetze izaten direla nabarmendu du sindikatuak, eta hiru eraldaketa nagusi eskatu ditu: "espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta planifikazio ekonomikoa".
Etxebizitzaren egoera "jasanezina" dela salatu du sindikatu sozialistak, eta langile-klaseari eragiten dion krisiaren adierazgarritzat jo du etxegabetzeen eta etxebizitza faltari lotutako heriotzen segida: "Emakume batek bere buruaz beste egin zuen etxea galdu ondoren, adingabeak zituen familia bat etxegabetu dute Gasteizen, etxerik gabeko hiru pertsona hil dira Donostian azken hilabeteetan...". Sindikatuaren arabera, "etxebizitza-krisia langile-klaseak pairatzen du, eta bien bitartean, etxebizitzaren negozioak bere urterik onenak bizi ditu".