Azokaroa, Baigorrin: Amurizaren ‘Pleibak’ liburuari begira jarriko dira bertsotan

  • Aitzina doa Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren kari osaturiko Azokaroa programazio kulturala. Ostiral gau honetan elkartuko dira Baigorrin (Nafarroa Beherea), bertso bidezko Pleibak liburuaren aurkezpen musikatua eskaintzeko. Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe bertsolariak ariko dira bertsotan eta Paule Bilbao musikan.

Miren Amuriza, idazle eta bertsolaria. Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2026ko maiatzaren 20an - 14:29
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lapurditik Nafarroa Beherera jauzi egin eta ostiral honetan izanen du ondoko geldialdia Azokaroa-k Baigorrin. Miren Amurizaren Pleibak liburua ardatz harturik, bertso saio literarioa eskainiko dute Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe bertsolariek, Paule Bilbaorekin batera. 19:00etan irekiko dituzte Bixentainea kultur-guneko ateak eta 20:00etan hasiko da emanaldia.

ARGIArako, Leire Vargasek egin zion elkarrizketa Amurizari iazko urtarrilean, Pleibak liburua atera berri zuela. 111 Akademiako 218 akademiakideren artean aukeratu zuten liburu hori, 2024ko liburu onenaren saria banatzeko.

Ekainaren 6an eginen den Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren aitzineko azken hitzordua Donibane Lohizunen (Lapurdi) jarri dute antolatzaileek, Aritz Ibarraren Deiadarra ilustrazio-liburuaren inguruan. Aurkezpenari segi, kontakizun hau "garaiezinak omen ziren inperioen erorketari biziraun dion Herriarena da"; zehazki, erromatar konkistatik Nafarroako erresumaren burujabetza osoaren amaieraraino (1620), euskaldunon biziraupenerako borondate historikoa laburbiltzen duen ilustrazio-liburua.

 


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.