Azoka Ekologikoen Ibilbideak dozena bat udalerri zeharkatuko ditu abuztutik aurrera

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamabi udalerritan egingo dute aurten Azoka Ekologikoa, "elikagai ekologikoak herritarrengana hurbildu eta agroekologiaren printzipioak balioan jartzea helburu", Arabako Bionekazaritza, Bizkaiko Ekolur eta Gipuzkoako Biolur elkarte antolatzaileek azaldu dutenez.


2026ko ekainaren 8an - 05:23
Azken eguneraketa: 10:07
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Abuztuaren 1etik urriaren 30era bitartean, Zigoitia, Zarautz, Zumaia, Donostia, Errenteria, Algorta, Zerain, Azpeitia, Mungia, Gasteiz, Durango eta Eibarko plazak ekoizle eta kontsumitzaileen topagune bihurtuko dira. "Helburua argia da", diote sustatzaileek, "azokei bultzada ematea, ikusgarritasuna handitzea eta lurraldeko ekoizpen ekologikoari duen garrantzia aitortzea".

Eragileon hitzetan, salerosketarako lekuak izatetik haratago, tokiko ekoizleen lana agerian jartzeko ezinbesteko guneak dira azokak, eta elikadura burujabetzaren bidean zuzeneko salmentaren garrantzia aldarrikatzeko balio dute. "Gainera, azoka hauek informazio-truke eta kontzientziazio gune ere badira. Bertan, herritarrek aukera dute jakiteko nork ekoizten dituen kontsumitzen dituzten elikagaiak, nola ekoizten diren eta inguruan produktu ekologikoak non eta nola eskuratu daitezkeen".

Nekazaritza-lurren %9, ekologikoan ziurtatuta

2025ean 18.167 hektarea lur zeuden "ekologikoan ziurtatuta"; lursail horietako elikagaiak Europar Batasunak ezarritako irizpideekin bat ekoiztu direla egiaztatu du ENEEK-Ekolurrak. 2024an baino 5.478 hektarea gehiago dira. "Hazkunde hau batez ere larre eta mahasti azaleren igoerari zor zaio", azaldu dute Bionekazaritza, Ekolur eta Biolur elkarteek. Larreen kasuan, adibidez, 3.110 helktarea mendi komunal eman dira altan lau udalerritan: Amezketan, Ataunen, Zaldibian eta Urduñan.

Une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako nekazaritza-lurren %9 dago ekologikoan ziurtatuta. "Oraindik urrun Baserritik Mahaira Europako Itun Berdearen helburua betetzetik: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea". Guztira 813 eragile daude ekologikoan ziurtatuta, iaz baino 45 gehiago.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...