"Etsai arabiarraren kontrako borrokaren barruan" 30 bat herrietan bideratu ditu erasoak 'Mendixketako gazteak' taldeak. Israelgo Gobernuaren babesa dute eta Zisjordania iparraldeko kolonietan bizi diren errabinoek ere kolonoen aldeko babesa bideratzeko deia egin dute, nahiz eta indarkeria hori deitoratu.
"Mendixketako gazteak" izena jarri diote gazte antolakunde kolonialistari eta azken hilabetean Zisjordanian egindako 80 bat eraso aldarrikatu dituzte. "Etsai arabiarraren kontrako borroka" dute helburu eta azken lau asteetan 30 herri izan dituzte jo-mugan. Zehazki zerrendatu dituzte erasoak beraien X kontuan: hamabi etxe erre, 29 auto suz kiskali, 40 bat palestinar kolpatu eta ehunka olibondo suntsitu dituzte. Asteazkenean eraso egin zioten palestinar bat hil egin dela ere jakitera eman du Palestinako Osasun ministroak.
Urteak daramatzate kolono gazteek antolatuta, palestinarren kontrako indarkeria bideratzeko. Zehazki, 1998ko azaroaren 16an luzatu zuen gazteei "mendixkak hartzeko" deia orduko Defentsa ministro sionista Ariel Sharonek: "Han dauden guztiek mugitu beharko lukete, korrika egin, muino gehiago bereganatu, beraiena zabaldu. Harrapatzen dugun guztia gure eskuetan egonen da. Harrapatzen ez dugun guztia haien eskuetan egonen da". Baina, azken urteetako Gazako genozidioaren eta Zisjordaniaren kontrako Israelen indarkeriaren emendioarekin, Mendixketako gazteak-ek ere areagotu egin ditu erasoak.
Otsailaren hastapenaz geroztik, Israelek hainbat neurri hartu ditu Zisjordaniaren okupazioa handitzeko. Tartean, otsailaren 15ean onartu du Netanyahuren gobernuak dekretu berri bat, okupazioan sakontzeko bidea dena. Israelengandik gertuen dauden Zisjordaniako hainbat eskualde "Israelen jabetzako lurralde" izendatzeko asmoa agertu du –ez zuen halako legerik aurkeztu 1967tik–. "Israelgo Estatuak Zisjordanian askatasunez, legearen arabera eta erabateko kontrolez jarduteko neurria da", Israel Katz Defentsa ministroaren arabera.
Gutun ireki batean, Zisjordania iparraldeko kolonietan bizi diren eragin handiko errabinoek kolonoei babesa emateko deia egin zuten asteartean, nahiz eta indarkeriaren erabilera salatu. Israelgo autoritateen norabidearekin bat egiteko manua bideratu dute gutunean.
Israelek Zisjordania okupatzen du 1967tik. Jerusalem Ekialdea alde batera utzita, 500.000 kolono baino gehiago bizi dira Zisjordanian, NBEk nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpoko diren kolonietan, eta hori hiru milioi palestinar ingururen erdian.