Ostiralean bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak, bata Usurbilen (Gipuzkoa) eta bestea Astigarragan (Gipuzkoa). Lehena 37 urteko ibilgailu gidaria da, eta asteazkenean ibilgailuan zeraman bezeroa autoaren barruan giltzapetu eta ukituak egin zizkion. Astigarragakoak, berriz, 59 urte ditu eta bi aldiz saiatu da emakumea hiltzen. Beste bi atxilotuak Bilboko Aste Nagusiko azken gauean jazo ziren, larunbatean.
Berria egunkariak jaso ditu lau kasuak. Ertzaintzak ostiralean 37 urteko gizonezko gidari bat atxilotu zuen Usurbilen (Gipuzkoa), asteazkenean 23 urteko emakume bati sexu erasoa egitea eta legez kanpo atxikitzea egotzita.
Ertzaintzaren arabera, asteazken gauean emakumeak gidaridun garraio bat eskatu zuen Usurbilera joateko. Herrira iritsitakoan, ordea, gidaria arraro portatzen hasi zen: Zentzurik gabeko bueltak eman zituen, emakumeari galdera pertsonalak egin zizkion eta ibilgailuko ateak blokeatu zituen. Une horretan emakumeak lagun bati idatzi zion egoeraz ohartaraztezko.
Orduan gizonezkoak autoa aparkatu, biktimari ukituak egiten hasi eta aurpegian musu eman zion. Erasoaren une horretan lagunak deitu zion emakumeari eta gizona, asaldatuta, ibilgailutik atera zen, ateak desblokeatuta. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta senide baten laguntzaz, salaketa jarri zuen Hernaniko polizia-etxean. Ertzaintzak ostiralean atxilotu zuen gizona, eta larunbatean epailearen esku utzi zuten.
Astigarragan beste atxilotu bat
Bestalde, Ertzaintzak 59 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostiralean Astigarragan (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak azaldu duenez, egun horretan ertzainek dei bat jaso zuten Donostiako ospitaletik, esanez tratu txarrak jaso zituen emakume bat artatzen ari zirela. Emakumeak salatu zuen azken bost egunetan senarra bi aldiz saiatu zela bera itotzen, eta objektu sendo batekin jo zuela. Bien alabari eraso egingo ziola ere mehatxu egin zuen gizonezkoak.
Emakumeak ostiralean oso gaixo zegoen plantak egin eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Bertan salatu zuen urteak zeramatzala senarraren tratu txarrak jasaten. Gizonezkoa gidaria da, eta lanagatik zeuden Astigarragan. Ostiralean atxilotu zuten gizona ertzainek, eta larunbat eguerditik epailearen esku dago.
Bilboko Aste Nagusian bederatzi, orotara
Bilboko Aste Nagusia amaitu da, eta horrekin, egin dute balantzea. Guztira bederatzi pertsona atxilo dituzte jaien testuinguruan sexu erasoak egiteagatik.