Azaroaren 11ko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute etxebizitza sindikatuek eta gehiengo sindikalak

  • Astearte goizean egin dute erregistroa LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Beraien erranetan, azaroaren 11ko grebak "Euskal Herritik Euskal Herriarentzat" deialdia izan behar du. Deialdi bateratua lantzen ari direla erran dute.


2026ko urriaren 13a - 14:22
Azken eguneraketa: 16:26
Hala Bedi
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hego Euskal Herriko azaroaren 11ko greba orokorrera batzera deitu dituzte herritarrak sindikatuek. Etxebizitza eskubidearen inguruan bildu dira, baina baita "langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen alde, eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan" ere. Adierazi dutenez, "egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean". Egoeraren aitzinean kaleak hartzeko eta "erroko eraldaketak" bultzatzeko garaia dela azpimarratu dute. 

Etxebizitza "euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat" bilakatu dela nabarmendu dute, eta horregatik bihurtu dela langileriaren "kezka nagusia" ere. Etxebizitzak eskubide bermatua izan beharko lukeen arren, espekulazioaren ondorioz hori ezinezkoa dela azaldu dute. Hiru eskaera nagusiren inguruan artikulatu dute deialdia: espekulatzaileen espropiazioa, jardun espekulatiboaren debekua, eta etxebizitza politikak langileriaren beharretara antolatzea. Horrez gain, etxegabetze guztien etetea eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera ere berehalako neurri gisa aldarrikatu dituzte.

Grebarekin "patronala eta instituzioak interpelatu" nahi dituztela adierazi dute sindikatuek: "Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari". Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta udalei, berriz, leporatu diete "negozioa indartzen duten politikak" bultzatzen jarraitzea, nahiz eta horiek "eskumen zabalak" ukan alor horretan. "Errentadunen aldeko politikak" gelditzeko, eta "Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko" unea dela uste dute deitzaileek.

 


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko azaroaren 6
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
AHTaren porrota iritsi da kanpainara

2026ko urriaren 28
Ekarpena

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.