2014an Estatu Islamikoaren aurkako guda hasi zenean, Rojavako mugimendu kurduak auzoz auzoko autodefentsa antolatzeari ekin zion. Hamabi urteren ostean, egitura sendoa daukate antolatuta. "Larrialdi egoera" deitzen dutenean, bidegurutzeak zaintzera irteten dira herritarrak, auzoen segurtasuna bermatu eta atentatuak saihesteko helburuarekin. Urtarril hasieran mobilizazio orokorrera deia egin zuten, armak banatu zituzten gizarte egituretan, eta milaka bolondresez osatutako sarea aktibatu dute. ARGIA horren testigu izan da Qamishlo hiriburuan.
"Nahiago dut hil borrokan, etsi baino. Herritar guztiak deitzen ditut herria defendatzera eta ardurak hartzera". Mezu hori helarazi zuen telebistaz Damaskon bake-akordioak negoziatzen ibili zen Mazloum Abdi SDFko komandante orokorrak (Siriako Indar Demokratikoak, kurduez gain, bestelako herriek ere parte hartzen duten indar armatua) urtarrilaren erdialdean, Siriako hiriburutik itzuli zenean. Herritarren artean inpaktu handia izan zuen mezu horrek. Erresistentziaren hasiera zen.
Ordutik, hiri eta auzo bakoitzak bere autodefentsa antolatuta dauka Rojavan, Siriaren menpeko Kurdistanen. YPG eta YPJ taldeak guda frontean daudenez, erretaguardia babesteko administrazio publikoaren Polizia formalaz gain (Asayish izenez deitua) herriko jendea mobilizatuta daukate.
Siriako kurduen alderdi politiko nagusia den PYDko kideek –PKKren ideologia defendatzen duen Rojavako alderdia– kontatu digutenez, milaka gizon eta emakumek, beraien lan formalaz gain, bi hilabeteko trebakuntza politiko eta militarra jaso dute. Helburua da beharra dagoenean jendeak bere komunitateak babestea. Argi utzi dute ez dela soldatapeko lana eta bolondresak direla guztiak. Suzko armak oso zabalduta daude Rojavan eta ohikoa da etxeetan kalashnikov-ak izatea, gehienak SDFk herritarren artean banatuta.
"Gure komunitateak ez baditugu guk defendatzen, nork egingo du?", bota digu galdera fusila eskuan hartuta auzoko autodefentsaren koordinazioaz arduratzen den Rezan Hamza Xeletek. Larrialdi egoera deituta dagoenean, gauero-gauero, 19:00etan hasi eta 06:00ak arte, kale-kantoietan bakoitzak bere posizioa zaintzen du. Egunaren araberako txandak dituzte.
"Defentsaren ardura har dezaketenek, har dezatela", eskatu zuen mugimenduak, eta milaka herritarrek egin zuten bat deialdiarekin. Ardura dutenak pertsona-profil konkretuak dira: auzoak ongi ezagutzen dituzte, eta hori abantaila da arriskuak identifikatzerako orduan, adibidez, auto susmagarriak. "Ama naizen aldetik, gure komunitateak babesteko beharra sentitzen dut", adierazi digu Meryan Emr-k, artikulu honen argazkian eskuineko aldean agertzen den emakumeak. Kontatu digunez, bere senarraz gain, bostetik hiru seme-alaba borroka armatuan engaiatuak ditu, kurduen eskubideen defentsan.
Arriskua erreala da, Daesh edo Estatu Islamikoa delakoak bere militanteei agindua baitie atentatuak egin ditzaten Rojavan. Joan den azaroan, adibide bat jartzearren, 21 eraso dokumentatu zituzten. Bertako herritarren susmoa da Turkiako inteligentzia zerbitzuek esaten dietela noiz eta non egin eraso, turkiarrek drone bidez informazioa lortzen baitute.
"Gure gorpuen gainetik pasa beharko dute yihadistek, gure zainetako azken odol tantaraino borroka egiteko prest gaude", adierazi digu batek baino gehiagok, hitzez hitz esaldia errepikatuta.
Batzuek uste dute Rojavako iraultza amaitutzat jo daitekeela, baina horiek oker daudela argi geratu zaio kazetari honi auzo hauetan bueltaxka bat eman ostean.