Gasteizko jai batzorde ezberdinek elkarlanean eskatu dituzte komunak, "auzoak garbi mantentzeko"
Hilabeteak daramatzate Sansomendi, Adurtza, Judimendi, Arana, Ariznabarra, Txagorritxu, Salburua, Zaramaga eta San Cristobalgo Jai Batzordeek Gasteizko Udalari eskatzen komun kimikoak instalatu ditzala auzoko jaietan. Joan den ostiralean Judimendiko Gizarte etxean entregatu zituzten sinadura bilketan jasotako atxikimenduak, Udalak kontutan hartu ditzan.
Martxoaren 24an egindako elkarretaratze batean salatu zuten Udalak «ipurdi bistan» uzten dituela, eta komunen instalazioa ordaintzeko eskatu zioten. Martxoaren 17an ere eskaera bera luzatu zuten Udaletxeko osoko bilkuran.
Behar fisiologikoak asetzeko leku «egokitu, garbi eta gertukoa» izateko eskubidea aldarrikatu dute Jai Batzorde ezberdinek, eta azaldu auzoak eta auzokideak zaintzea dela haien helburua. Horregatik, Udalari exijitu diote zerbitzu horren ardura hartu dezala.