Hiriko "auzo patruilek" urriaren 2an deitu duten elkarretaratzearen aurrean, zenbait eragilek prentsaurrekoa egin dute ostegun arratsaldean. Salatu dute ezinbestekoa dela eskuin muturreko talde horiei aurre egitea: "Arrazakeria eta faxismoa ez dira ongi etorriak Irunen".
Iazko udan eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu zituztela salatu zuten Irungo (Gipuzkoa) zenbait eragilek, eta ostegun honetan eginiko prentsaurrekoan talde horiek urriaren 2rako, ostiralerako deitu duten elkarretaratzea gaitzetsi dute, Irun seguru eta garbi baten alde leloa duena. Deialdi horri aurre egiteko, Ez nahastu etsaiz: Irunen arrazakeriari eta faxismoari ez! leloarekin manifestazioa egingo dute egun berean 17:45ean, Alberto Anguera plazatik abiatuta.
Prentsaurrekoan parte hartu duten eragileek azpimarratu dute "auzo patruilak arrisku politikoa" direla hiriarentzat, haien buruzagien xede nagusia "arrazakeria eta gorrotoa" hedatzea baita. "Segurtasun ezaren aitzakiapean eskuin muturrarentzat baliagarria den testuinguru sozial bat elikatzen dute", salatu dute, "migratzaileekiko beldurra" sortuz eta "autoritarismo gehiago" eskatuz.
"Irun harrera herria da"
Haien esanetan, azken urteetan Irunen eta Europa osoan gertatzen ari den "ideia erreakzionarioen eta ultraeskuinaren gorakadaren beste adierazpen" bat dira talde horiek. Horren erakusle, azken urteetan hirian gertatutako zenbait gertakari aipatu dituzte: besteak beste, 2024 eta 2025 artean Mosku eta Lakaxita gaztetxeek pairatutako "talde neonazien" erasoak eta aurtengo maiatzean Dunboa auzora gerturatutako desokupazio enpresa "faxista".
Gainera, nabarmendu dute "auzo patruilek" sare sozialetan sortutako kontuetan etorkinen aurkako irainak argitaratzen direla, horiek "deshumanizatzeko" xedearekin, baita Vox, Núcleo Nacional, Se Acabó La Fiesta, Lo que No Te Cuentan de Donosti edota Frente Obero eskuin muturreko taldeen mezuak zabaldu ere. "Irun harrera herria da, eta hamarkadetan Espainiako Estatuko milaka migratzaileren etxe izan den bezala, ateak zabalik ditu beste lurraldekoentzat ere, kultura aniztasunarentzat", aldarrikatu dute.