Auzitegi Nazionalak atzera bota du Idoia Mendizabal euskal preso politikoaren hirugarren gradua

  • Sarek Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi du, Iparragirre eta Parot presoen bilakaeraren aurka aurkeztutako helegiteak bezala, “mendekutik gertu” dagoen ebazpena dela salatuta.


2026ko urriaren 6a - 11:19
Azken eguneraketa: 13:01
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Idoia Mendizabal Mujika euskal preso politikoari irailean onartu zion Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua. 2005ean Frantziako Estatuan atxilotu zuten lazkaoarra, eta 2010. urtetik Espainian dago preso. Jaurlaritzako Justizia Sailak adierazi zuen legea “zorrotz” bete zuela graduaren onarpenarekin, presoekin egunero lan egiten duen Zubietako espetxeko Tratamendu-batzordeak hala proposatu baitzuen, horretarako “baldintzak betetzen zituelako”.

Onarpenaren aurrean Auzitegi Nazionalak aurkeztutako helegiteak hirugarren graduaren erregresioa ekarri du. Sare Herritarrak salatu du salbuespen epaitegitik "euskal preso politikoak etxera itzultzeko bidea oztopatzen" ari direla zigorrak betetzen "hamarkadak" badaramatzate ere, eta Mendizabalena horren adibide dela. Salatu du hirugarren graduaren onarpena espetxeetako profesionalek proposatu zutela eta, aldiz, atzera bota dutenak “presoen bilakaeraz ezer ez dakiten” epaile eta fiskalak izan direla.

Iparragirre eta Paroten aurrekari hurbilak

Mendizabalena ez da kasu isolatua. Azken asteetan, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Marixol Iparragirreri 100.2 artikulua aplikatzearen aurkako helegitea aurkeztu du, eta Unai Paroti hirugarren gradua aitortzearen aurkakoa. 22 eta 36 urte daramatzate Iparragirrek eta Parotek espetxean hurrenez hurren, eta denbora hori kontuan hartuta aspaldian egon beharko lukete etxean. Baina “justiziarekin zerikusirik ez duten erabakien aurrean gaude, aitzitik, mendeku jarreretan oinarritutako erabakiak dira” salatu du Sarek.

Laster biziko dugun hauteskunde prozesu berri honen aurrean plataformak eskatu du “euskal presoen eskubideak urratzen dituzten egoera horiek gehiago ez luzatzea”, eta azpimarratu du “euskal gizartearen aurka egiten duten hau bezalako erabakiak” gogor salatzen jarraituko duela.


Euskal preso politikoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.