Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindua eman du Auzitegi Nazionalak

  • Espainiako Auzitegi Gorenak urtarrilean bi abokatuen aurkako sententzia berretsi ostean heldu da agindua. Sumario berean zigortutako Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuei espetxea ekiditeko aukera eman die salbuespen auzitegiak.

Artxiboko argazkia

2026ko otsailaren 3an - 17:27
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urtarrilaren 7an, Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioan zigortu zituzten Enparantza eta Zulueta abokatuen aurkako zigorrak berretsi zituen: lau urteko espetxe zigorra Enparantzari, eta zazpi urte eta erdikoa Zuluetari. “Talde terroristako kide” zirela ebatzi zuen aurretik Auzitegi Nazionalak, eta Zuluetari armak eta lehergailuak gordetzea ere egotzi zion.

Astearte arratsaldean EFE albiste agentziak jakinarazi duenez, eta urtarrilaren 28ko data duen auto baten bidez, Auzitegi Nazionalak Zulueta eta Enparantzaren espetxeratzea agindu du, falta zaien zigorraren zatia bete dezaten. Jakinarazpena jasotzen duten unetik hamar eguneko epea ematen die espetxean beren kabuz azaltzeko, eta egin ezean bilatze eta espetxeratze agindua emango duela ohartarazi du. Naiz-ek aurreratu duenez, bi abokatuek helegitea aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du espetxeratze agindua eteten.

Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuei Auzitegi Gorenak zigorrak arindu zizkien, bi urtera eta urte eta erdira, ardura "txikiagoa" zutela argudiatuta. Zigorrak bi urte baino luzeagoak ez izanik, Auzitegi Nazionalak aukera eman die espetxeratzea ekiditeko.

2014an espetxeratuak

2014an zortzi euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak, EPPK-ko mintzakideen kontrako operazioan: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak; Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz. Zulueta eta Enparantza oso epe luzean eduki zituzten bakartuta –Zuluetaren kasuan hiru urtez–, beste presoekin harremanik izateko aukerarik gabe.

2022an egin zen 13/13 sumarioko epaiketa. Bertan, besteak beste, Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek salatu zuten atxilotu zituztenean torturatuak izan zirela, eta defentsak Espainiako inteligentzia zerbitzuak legez kanpo jardun zuela salatu zuen, akusazioak bertan behera uztea eskatuz.


Irakurri gehiago: 13/13 sumarioa Politika Epaiketak
13/13 sumarioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin