Bi teknikari lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako Udalean

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ondorioztatu du salaketa jarri duen hautagaiari euskara lanpostua eskuratzeko baldintzatzat jartzeak “desproportzioa” eragingo lukeela, eta agerian gelditzen dela “errekurritu diren oinarrien diskriminazio kutsua, hizkuntza arrazoiengatik”. Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera dago.

2025eko otsailean beste epai euskarafobo baten aurka elkarretaratzea egin zuten Donostian, Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta. Euskalgintzaren Kontseilua

2026ko urtarrilaren 26an - 16:38
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Naiz.eus agerkariak eman du albistearen berri. Donostiako Udalak Digitalizazio Kartografikoko bi teknikari lanpostu egonkortzeko bidea hasia zuen. Bietarako B2 euskara eskakizuna ezarri zuen. 2022an Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren kontra, salaketa jarri zuen deialdira aurkezteko asmoa zuen langile batek. Donostiako Administrazioarekiko auzien epaitegiak bi lanpostuetan euskara jakitea beharrezkotzat jo zuen. Argudiatu zuen bi langile horiek baino ez dituztela kartografiarekin lotutako lanak egiten eta bietako batek kale eginez gero, bermatu beharko liratekeela herritarren hizkuntza eskubideak.

Langileak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian, haren ustez Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu urratu zituelako, alegia, kargu publikoak betetzera berdintasun-baldintzetan ailegatzeko eskubidea urratzen zuelako. Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio.

Auzitegi Nagusia: “Arrazoizko eta proportzionaltasun irizpideak ez dira erabili”

Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, euskara jakitea ez da eskatu “arrazoizko eta proportzionaltasun irizpideak jarraituta”. Haren ustez, administrazioak ez du justifikatu ezinbestekoa denik euskara eskakizunak ezartzea herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko. Eta derrigortasun indizearen aipamena egin du: “Gaur egun indarrean dagoen plangintza-aldian udalak nahitaez bete beharreko indizea %55,87 da”. Epaiak dio, bi lanpostuetarako euskara eskakizunak mantenduko balira, “Konstituzioak ezarritzako berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera sartzeko eskubidea murriztu egingo litzatekeela, hizkuntza eskakizunek ekartzen baldin badute euskaraz ez dakitenak deialditik kanpo gelditzea”.

Diskriminatutakoak, euskaldunak

Euskalgintzaren Kontseiluak hilabeteak daramatza salatzen halako ebazpenekin auzitegiek “hiru premisa ontzat ematen” dituztela: “Alde batetik, gaztelania soilik ezagutzen dutenen gutxiengo bat diskriminatua dagoela eta babes berezia merezi duela. Bestetik, horren ondorioz, euskararen eta euskal hiztunen aldeko ekimen positiboak –asimetria soziolinguistikoa gainditzeko eta benetako koofizialtasuna lortzeko helburuzkoa– debekatutako diskriminazioa direla, gaztelania hutsezko hiztunak kaltetzen dituelako. Azkenik, gaztelania gainontzeko hizkuntzen gainetik babestu behar dela, eremu guztietan bere nagusitasuna bermatu dadin”.


2026ko martxoaren 13
Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean?
“Sabinek dio giroa astindu behar dela”

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.