Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Turulli egotzitako diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzearen alde egin du, eta horrek bidea eman dio 2017tik erbestean dagoen Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren itzulerari.
Bartzelonan astearte arratsaldean emandako prentsaurreko batean, Jordi Turull Kataluniako Generalitateko kontseilari ohiak adierazi du auzitegiaren erabakia "garrantzitsua" bada ere, "oso berandu" heldu dela. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jose Maria Macias magistratuak Turulli amnistia aplikatzean aurka idatzitako ponentzia ezeztatu du: Efe albiste agentziak iturri judizialak aipatuta jakinarazi du zazpi epailek bozkatu dutela Maciasen ponentziaren kontra, eta bostek alde.
Magistratu kontserbadoreak ponentzia erretiratu eta urriaren 6ko bilkurarako berri bat idatziko duela iragarri du, Turullen helegitea aztertzeko "gehiengoaren argudioak" bilduko dituena. Izan ere, 2024ko maiatzean Espainiako Kongresuak Amnistia legea onartu eta bizpahiru astera Auzitegi Gorenak erabaki zuen Kataluniako prozesu subiranistaren buruzagi izan zirenetako batzuk ez amnistiatzea, egotzita diru publikoa bidegabe erabili zutela.
Besteak beste, Gorenaren erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten Puigdemontek, Turullek eta Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiak. Gainera, EB Europako Batasunaren Justizia Auzitegiak uztailean Amnistia legea babestu zuen, argudiatuta terrorismo delituak egotzi zaizkienei amnistia aplikatzeak ez duela talka egiten Europako Zuzenbidearekin.
Puigdemonten itzulera posiblea
Turulli egotzitako delitua amnistiatzeko erabakiak ateak ireki dizkio Puigdemonti Kataluniara itzultzeko, 2017tik erbestean egon ostean. Konstituzionala dagoeneko hasi da Generalitateko presidente ohiaren helegitea aztertzen, eta hura babesten badu, Pablo Llarena Goreneko magistratuak Puigdemonten aurka ezarritako atxilotze agindua erretiratu beharko du –Konstituzionala instantzia gorena baita Espainiako Estatuan–.
Konstituzionalaren erabakia jakinarazi eta berehala heldu dira alderdi politikoen erreakzioak. ERC Esquerra Republicanak adierazi du jada ez dagoela "aitzakiarik" Amnistia legea osorik ez aplikatzeko: "Duela bi urte Espainiako goi instantziek abiatutako matxinada amaitu behar da". EH Bilduk eta EAJk ere babestu egin dute Konstituzionalaren erabakia.