Hezkuntza Sailak, azken egunotan, iragarri du prestatzen ari dela irakasleok dagoeneko legez dugun autoritate publikoaren aitortza eta aplikazioa arautuko dituen Bizikidetza Dekretu berria.
Iragarpenak eztabaida interesgarri batera garamatza; zer esan nahi duen irakasleen autoritateak, eta, batez ere, zer behar ote dugun irakasleok benetan gure lana duintasunez eta bermeekin burutu ahal izateko.
STEILASen argi dugu irakasleok aitortza eta babesa behar ditugula. Ikasgeletan gertatzen diren gatazka, eraso edo presio egoeren aurrean, ezinbestekoa da administrazioak langileak babestea eta beharrezko tresnak eskaintzea. Baina autoritatea ezin da dekretu batean idatzi. Hezkuntza publikoko irakasleok autoritate publiko izaera aitortua dugu legalki LOEren 124.3 artikuluan. Beraz, ez diezaiola orain administrazioak dominarik jarri bere buruari lehendik onartua dagoen izaera batekin, eta egin dezala behar bezala bere lana, bermatu ditzala benetako baliabideak LOEk dioen hori errealitate bihurtu dadin.
Irakasleon autoritatea egunerokotasunean eraikitzen da ikasgelan, ezagutza pedagogikoarekin, gertuko harremanarekin, konfiantzarekin eta hezkuntzarekin. Irakaslearen autoritatea ezin da soilik administrazio batek ematen dion botere juridiko baten ondorio izan, hezkuntza komunitatearen barruan eraikitzen den harreman baten emaitza baita.
Gaur egun ikastetxeetan gero eta konplexuagoak dira irakasleok egunerokoan bizitzen ditugun egoerak. Aniztasun handiagoari erantzun behar diogu, behar pedagogiko eta emozional gero eta konplexuagoak kudeatu, burokrazia urtez urte areagotzen ari da eta, askotan, baliabide eta denbora eskasarekin egin behar diogu aurre honi guztiari. Horren guztiaren aurrean, administrazioak ematen duen erantzuna ezin da erantzun juridiko sinple batera mugatu.
Bizikidetza ez da soilik norbanakoaren ardura, ikastetxe osoarena baizik. Eta, horregatik, bizikidetza politika serio batek langile gehiago, orientazio eta laguntza zerbitzu sendoagoak, koordinaziorako denbora, prestakuntza, arreta pertsonalizatua eta baliabide nahikoak eskatzen ditu.
Koherentzia eskatzen diogu administrazioari. Bizikidetza defendatu nahi bada, ezin da gatazka dagoen bakoitzean irakaslearen autoritate juridikora jo. Prebentzioa, baliabideak eta heziketa izan behar dira lehenengo tresnak
Hezkuntza Sailak berak bizikidetza positiboa eta ongizate emozionala hezkuntza politikaren lehentasunen artean kokatzen ditu, eta 2026ko plangintza arauemailean Bizikidetza Dekretu berriaren proiektua jasota dago. Hori horrela, koherentzia eskatzen diogu administrazioari. Bizikidetza defendatu nahi bada, ezin da gatazka dagoen bakoitzean irakaslearen autoritate juridikora jo. Prebentzioa, baliabideak eta heziketa izan behar dira lehenengo tresnak.
Desberdintasun nabarmena dago langile bat autoritate gisa aitortzearen eta autoritate hori babestearen artean, dekretu bat argitaratzearen eta ikasgelako errealitatea aldatzearen artean, bai eta errespetua aldarrikatu eta lortzearen artean ere.
Bidenabar, argitu nahi dugu autoritatea defendatzea ez dela autoritarismoa defendatzea. Ikasgelan arauak behar dira, mugak eta errespetua. Irakasleok babestuak izan eta hala sentitu behar gara, eta horrek ez du esan nahi gure jarduna botere harreman hierarkikoan oinarritu behar denik. Autoritate pedagogikoa eta autoritarismoa ez dira gauza bera.
Egungo erronka ez da irakasleari autoritate handiagoa ematea, irakasleok gure autoritatea baliatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea baizik.
Horretarako, administrazioak erantzukizuna bere gain hartu behar du ikastetxeak behar adina langilez hornituta, irakasleoi koordinatzeko eta planifikatzeko denbora nahiko bermatuta, aniztasunari erantzuteko baliabideak emanda, gatazka egoeretan laguntza eta babes juridiko eta psikologikoa eskainita, eta, batez ere, hezkuntza komunitate osoa bizikidetzan inplikatuta. Hori da STEILASek aldarrikatzen duena eta hori lortzeko bidean borrokan/lanean jarraituko du.
Irakasleok babesa, baliabideak eta baldintza duinak behar ditugu. Bestela, beste behin ere, arazo kolektibo bati erantzun indibiduala emango zaio.
Itxaso Piquer, Amaia Hernaltes eta Haizea Arbide, STEILAS sindikatua
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.