Ikasturte honetan ere, ikasleek baxoa eta brebeta frantsesez egin beharko dutela baieztatu du Hezkuntza ministroak, baita aurten berria den matematika proba aurreratua ere, zeina euskaraz prestatzen hasiak ziren Seaskan. Datorren ikasturterako auziari konponbidea emateko konpromisoa hartu du ministroak, baina mobilizazioak iragarri ditu Seaskak.
Konbentzituta zeuden Seaskako arduradunak: “Baldintza guziak betetzen dira baxoa euskaraz egiteko baimena emateko”. Aspaldiko aldarrikapenak aurten bai, erantzun baikorra izango zuela espero zuten, baina bestelakoa izan da emaitza. Euskal parlamentariak eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroarekin bildu direlarik, horrek adierazi die prest dagoela datorren ikasturtetik aurrera euskararen aipamena jasoko duen baxo eredu bat abian jartzeko, baina ikasturte honetan ez dela aldaketarik egongo, azterketen hizkuntzari dagokionez. Alegia, aurten ere azterketak frantsesez egitera behartuak dira Ipar Euskal Herriko ikasleak, iazko moldea errepikatuko dela argi utzi baitu ministroak.
Are, aurten lehen aldiz egingo duten matematika proba aurreratua ere frantsesez egin beharko dute ikasleek, nahiz eta Seaskan euskaraz ari diren proba hori prestatzen, azterketaren baldintzen inguruko aginduetan ez zelako irizpiderik zehazten hizkuntzari lotuta. “Ministroak berak izenpetutako zirkularrak azterketak euskaraz egiteko aukera eskaintzen duenez, pentsatzekoa zen euskaraz egiteko parada izanen zela. Baina ez da hala izan”, adierazi dute Seaskako ordezkariek: “Hitzez, aitzinatuko ginela erran ziguten, ekintzetan gibelka ari dira”.
"Inposizio berri honi ezetz erranen diogu"
Urtarrilaren 24an mobilizazio fase bati ekingo diotela iragarri dute Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federaziotik: “Euskaltzale, familia eta hautetsiei galdegiten diegu data hau agendan atxiki dezaten. Argi eta garbi adierazi nahi dugu inposizio berri honi ezetz erranen diogula”.
Ministroak apirilerako beste bilera bat lotu du eta bertan aurkeztuko die baxo eredu berriaren proposamena
Bestelako gaiak ere jorratu dituzte asteleheneko bilkuran. Irakasleen formakuntzan euskara txertatzearen alde egin du, esaterako, ministroak, eta begi onez ikusi du ikastetxe publikoetan hizkuntza eredu elebiduna zabaltzeko proposamena –sare publikoan ikasgela elebidun gehiago irekitzeko eskaerari lotuta–.
EEP, baikorrago
Euskararen Erakunde Publikoak plazaratu duen oharrean, baikor baloratu du bilera. Azterketak euskaraz egin ahal izateko, “esparru berezi bat” definitzeko pausoak ematen hasi direla dio. Ministroak apirilerako beste bilera bat lotu du eta bertan aurkeztuko dio baxo eredu berriaren proposamena.
Bai euskarazko irakaskuntza eskaintzaren garapenean, bai irakasleak euskaraz formatzeko Geffray ministroak erakutsi duen “engaiamendua” nabarmendu du EEPk.
ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.