Cordcore
Non: Euskal Herria Zuzenean festibalean, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea).
Noiz: ekainaren 27an.
----------------------
Probatu duenak badaki: gure lurretan zaintza eta autogestioa eskutik doazenaren erakusgarri handiena –eta ederrena– da Euskal Herria Zuzenean festibala. Aurten ere, bero zaparrada baten erdian festibalari bizirik eusteko, sormenari bide eman behar izan dio antolakuntzak; jarri dituzte gerizpeak ahal zen izkina guztietan, edari freskoak barretan, aldiro jendea urez bustitzeko zulatutako mangerak karpan, eta 24 orduz dutxa hotzak martxan.
Bigarren egunari lehortu ahala urez bustita eta gerizpe batetik bestera ibilita eutsi diogu guk eta, Maialen Lujanbioren RR ikuskizunaren ostean zirko gunetik atera garenean, irribarre desberdin bat egin diogu elkarri. Badator freskura apur bat eta, harekin batera, dantzarako gogoa ere bai. Herriko plazara jo dugu. Jendez beteta dago, baina hutsik oholtza. Jende artean lau bozgorailu eusten dituen egitura altu bat nabarmentzen da, eta haren inguruan jendea zirkuluan bueltaka dantzan.
Zirkulura batu garenean agertu zaizkigu hiru izaki xelebre eta tramankulu pila bat. Aurpegiak estalita, arropa beltzaren gainean jute sokaz egindako jantzi bana ditu hirukoteak. Zirkuluan daude, elkarri itsatsita, elkarri begira. Biolina, gitarra, bateria eta identifikatzera iristen ez naizen beste hainbat instrumentu tartekatzen dituzte, definitzen zaila eta gaizki dantzatzen erraza den soinu instrumentala ateratzeko. Ez dago koreografia posiblerik, ez abesti bakarrean erritmo berari jarraitzerik, ohartu orduko aldatzen baita erritmoa eta, beraz, baita mugimenduak ere. Horrek laguntzen du, ziurrenik, hirukotearen inguruan zirkulu kaotikoak jiraka jarrai dezan: nahasian daudela elkarri helduta saltoka dabiltzanak, euren kabuz musikari jarraitzen dioten ausartago batzuekin.
Zuzenekoak aurrera egin ahala, banakako, binakako zein taldekako dantza zirkular gehiago etorri dira, baltseoak, trantzeak eta, oharkabean, euri tantak. Bazen garaia! Dantzari ospakizun kutsua gehitu zaio, eta gogo handiagoz segitu dugu euripean. Antolakuntza tramankuluak estaltzera gerturatu da segituan, baina bozgorailuak itzalita ere zirkuluak jarraitu du, akitu arte, “xalala riki-riki” abesten eta dantzatzen.
Euforia pixka bat jaitsitakoan begiratu dut taldearen izena. Cordcore. Bat gehiago etxera heldutakoan saltseatzeko zerrendarako. Aurkikuntza bat baino gehiago eginda itzultzea eta hurrengo ediziora talde ezezagun gehiago deskubritzera joateko gogoa sortzea, hainbeste gauzaren artean, hori ere bada garaiotan EHZ hain handi eta eder egiten duena; larunbatean ospakizun zen euria igandean madarikazio bihurtzean erakutsitako antolaketa kolektiboa bezainbat.