Hilabeteko epean, bost lekutan izango da Asier Basurto liburuaren egilea: astearte honetan Bilbon hasita, Donostia, Iruñea, Sopela eta Gasteiz bisitatuko ditu. Tokian toki, turismo ereduari buruzko gogoetak eta kritikak egiten dituzten eragileen parte hartzea izango da, solasaldi eran, liburuko ideiak lurreratzeko.
Apirilaren 16an aurkeztu zuen ARGIAk Turismoa. Desazkundera bidaia liburua. Orduko hartan iragarri bezala, turismoaz beldurrik gabe hitz egitea delako helburua, liburua eta liburuko ideiak tokian tokira eramateko aurkezpen bira bat egingo du Asier Basurtok, ARGIAren eskutik.
Lehen hitzordua astearte honetan izango da, maiatzaren 19an, Bilbon, Zirika! herri gunean, 19:00etan. Alde Zaharreko Bihotzean taldeko Eritz Mendizabalek ere hartuko du parte solasaldian. Lehenik, liburuaren funtsa azalduko du Basurtok, eta Bilboko eta batik bat Alde Zaharreko turismoaren egoeraz iritzia emango du gero Mendizabalek, baita liburuko edukiaz mintzatu ere.
Aste berean, hilaren 22an, ostiralez, Donostiako Amara Berri auzoan aurkeztuko du liburua Basurtok. Ilunki kultur elkartean izango da aurkezpena, 19:00etan.
Maiatzaren 26an, berriz, asteartez, Iruñean izango da Basurto. Karrikiri elkartean aurkeztuko du liburua, 19:00etan hasita. Liburuaren editore lanak egin dituen Gorka Peñagarikano ARGIAko kazetariak gidatuko du saioa.
Ekainaren 11n, bestalde, Sopelara helduko da liburua. Ostegun horretan, 19:00etan, Larrabasterrako auzoetxean ipiniko dute hizketagaia, Sukar Horia taldekoen konpainian.
Eta momentuz adostutako azken data, ekainaren 23an izango da: Gasteizen izango da aurkezpena, Liburutopian. 17:00etan hasiko da. Gasteizko Alde Zaharreko jaien egitarauaren barruan kokatuko dute liburu aurkezpena, Auzoan Bizi taldekoekin batera antolatua baita.
*** Zure herrian aurkezpen edo hitzaldiren bat lotu nahiko bazenu, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera.
