Espainiako Auzitegi Nazionalak Korrikan agertutako euskal presoen argazkiak ikertuko ditu, UPNk salaketa jarri ostean

  • Korrikan ETAko kideen argazkiak erakustegatik UPN alderdiak salaketa aurkeztu zuen martxoaren 25ean, ekintzak terrorismoa “goratu” eta biktimen “umiliazioa” sustatzen dituelakoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari gertakaria ikertzeko eskatu die.

Audientzia Nazionalak Korrikan presoen argazkiak erakutsi zituzten kideak ikertzea agindu du. AEK koordinakundea

2026ko apirilaren 9an - 11:39
Azken eguneraketa: 2026-04-10 23:40
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Martxoaren 25ean UPNk salaketa aurkeztu zuen Korrikan ETAko kideen argazkiak erakutsi zirelako, zehazki Iruñeko Txantrea auzotik igaro zenean, baita Nafarroako beste zenbait herrietatik pasatu zenean ere. Ekintzek terrorismoa “goratu” eta biktimen “umiliazioa” sustatzen dutela azpimarratu du alderdiak eta argazkiak eraman zituzten adin txikikoak ere seinalatzen ditu. UPN baikor azaldu da fiskaltzak kaleratutako txostenarekin eta Auzitegi Nazionalak asteazkenean agindu die Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari gertakaria iker dezaten.

Txostena kaleratu ondoren, Cristina Ibarrola UPNko lehendakariak sare sozialetan gertakaria “amaieraraino ikertzeko” eta biktimen familientzako “justizia” eskatu ditu. Gainera, Senatuan azaldu zuen elastikoetan eta karteletan irudiak eraman dituztenez gain, lasterketaren antolatzaileek ere badutela ardura, beraien “onespenarekin” egin baitzen. Horregatik, hainbat eskakizun egin ditu: antolatzaileek barkamen publikoak eskatzea, berriro ez gertatzeko neurriak hartzea eta ekonomikoki Korrika babestu duten entitateek beraien ekarpenak bueltatzeko eskatzea.

Eztabaida Senatura iritsi da

UPNk gaiari eutsi dio Senatuan eta euskal presoei egiten zaizkien Ongi Etorriak azpimarratu ditu; PPk eta Voxek ere gaia aintzat hartzekoa dela kontsideratu dute. Isunak jartzeko lege berria egitearen inguruan hausnartu dute alderdiek goi ganberan eta PPren gehiengopean ondorengo emaitzak atera dira: 147 aldeko bozka PP, Vox eta UPNren eskutik; 112 kontrako bozka PSOE, EAJ eta EH Bilduren eskutik; eta lau abstentzio.

PPren ekimenez, zazpigarrenez helduko zaio gaiari Senatuan eta oraingoan biktimen errekonozimendu eta babeserako legeari “terrorismoaren asaldura ekintzen” prebentzio eta santzioa bermatzeko neurriak gehitu nahi dizkiote, Naizek jaso duenez. 200 eta 150.000 euroko arteko isunak ezarri nahi dituzte, ekintzaren “larritasunaren” arabera finkatuko direnak. Gainera, ZIGORTUEI kargu publikoetara sarbidea ukatzeko aukera izango da, eta urtebete eta bost urte artean dirulaguntzak jasotzeko aukera etengo zaie.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.