Herri kurdua genozidioaren mehatxu larriaren aurrean dago Sirian, Siriako Gobernuak otsailaren 7an indar guztiekin erasotzeko epe muga jarri baitu. Kurduek eurek lideratutako SDF (Siriako Indar Demokratikoa) proiektuak hamaika traizio jaso ditu azken asteetan eta kurduen YPG eta YPJ taldeak gehiengo kurduko lurraldeetan gotortu dira Siriako presidente Al-Golani jihadistaren armadari aurre egiteko.
Duela egun gutxi iragarri genuen Siriako Gerra fase odoltsu berrian sartzen ari zela eta handik gutxira bete zen aurreikuspena. Urtarrilaren 6tik 10era bitartean Alepoko auzo kurduak odolez bete eta gero, Deir Hafer jarri zuen jo-mugan Siriako presidente islamista Al-Golanik –aurretik Al Qaeda, Estatu Islamikoa eta Al Nusra erakunde jihadistako militantea izandakoa–.
Siriako Armadak Deir Hafer helburu militartzat hartuta, SDFk ere hara bidali zituen bere borrokalariak. Kurduek lideratutako arabiar, kristau eta kurduen koalizio militarra da SDF. Borrokak hastear zirela, urtarrilaren 15ean, Ameriketako Estatu Batuek akordioa lortu zuten SDFk bere indarrak mugitzeko, inguruak lagatzeko eta bataila ekiditeko. Egun berean, Al-Golanik presidentetza agindua sinatu zuen, kurduak Siriako parte zirela aldarrikatzeko, baina inolako eskubide politikorik eman gabe.
Dekretuaren ostean abiatu zen estatubatuarrek lortutako konpromisoa. 48 ordu adostu zituzten SDF erretiratzeko, baina unitateak joaten ari zirela, Al-Golaniren armadak atzetik eraso eta kaosa eragin zuen. Liskarrak Tabqara zabaldu ziren eta Raqqako sarreretara.
Akordioa bete ez arren, bermea eman zutenek, AEBek, ez dute ezer egin. CENTCOMek, AEBetako Komando Zentralak, hau da, Estatu Islamikoaren kontrako Nazioarteko Koalizioaren indar nagusiak, ikusirik Estatu Islamikoko kideak atxilo zeuden presondegiak arriskuan zirela, urtarrilaren 17an agindu zien islamistei eteteko erasoak, baina jihadistek ez zuten jaramonik egin eta armada estatubatuarraren jarrera pasiboa egiaztatuta, erasoaldia gelditu ordez, areagotu zuten.
Islamistek Eufratesa zeharkatu eta Deir Ez Zour lurralde arabiarra inbaditu zuten. Hango tribuen laguntza izan zuten eta ez zen egon aparteko batailarik. SDFren proiektuari tribuek egindako traizioa nabarmen zabaldu zen hurrengo egunetan eta kasurik adierazgarriena Shammar tribuarena izan da. Siriako Gerraren hasieran, Shammar tribuak Al Nusraren bortizkeria –Al-Golani kide zuena– jasan izan zuen eta bere lurraldea utzi behar izan zuen. Orduan kurduen YPG eta YPJ taldeekin bat egin zuen bere eremua berreskuratzeko (Al Yarubiya-Tel Kocer), baina unerik kritikoenean, eurek ere labankada eman diete orain arte lagun izandako kurduei.
Islamisten oldarraldia gertatu bitartean, elkarrizketak izan dira SDFko komandante Mazlum Abdi, Al-Golani eta AEBek Siria eta Turkiarako duen ordezkari berezi Tom Barrackekin. Dena den, islamisten agenda argia da: 2024ko martxoan adostutako marko politikoa ez betetzea eta herri kurdua desarmatzea, emakumezkoen unitate armaturik ez onartzea eta botere osoa eskuratzea, Mazlum Abdi bera kooptatuta eta Hasakako Gobernadore izendatuta.
Edonola ere, Adbik ez du eskaintza onartu, nahiz eta egoera kritikoa izan, herri kurduaren autonomia eta lorpenei lehentasuna ematen baitie. Bitartean, egoerak irudi danteskoak utzi ditu. Indar islamistek Shadadiko kartzela hustu dute, Estatu Islamikoko milaka militante zeuden han. Shadadiko espetxetik gertu dago estatubatuarren base militar handi bat. Al-Holen antzekoa gertatu da, han zegoen Estatu Islamikoaren Kalifatoaren muin zibila. Raqqako presondegian ere bizi izan dira pasarte ikaragarriak. Izan ere, barruan zeuden YPG eta YPJ gizon eta emakumezkoek ez zioten kontrola eman nahi Siriako Gobernu islamistari eta Koalizio Internazionalak bere gain hartzea exijitu zuten. Zenbait eguneko setioa gertatu zen eta azkenik akordioa lortuta joan ahal izan ziren Kobanera borrokalari horiek urtarrilaren 24an.
Gobernu islamistak hasi da bere taldeak ezartzen Raqqan eta jadanik nikaba exijitzen duten emakume integristak ikus daitezke: Kalifatoaren itzulera.

Otsailaren 7an, genozidioaren data
Siriako Gobernuak azken astean adostutako su-eten oro –lau guztira– bete gabe utzi ditu eta, hortaz, bere ministerioek esandakoa sinestea zaila da. Edonola ere, egun Kobane eta Hasaka dira SDFren esku dauden lurraldeak herrialdean eta Al-Golanik ultimatuma eman die bere armadan “integratzeko”, hau da, amore emateko.
Kobane, Estatu Islamikoaren hiri martiria, erabat setiatuta dago. Elurte erraldoien artean, hiria ez dauka elektrizitaterik, urik, ezta elikagairik ere. Nazio Batuek laguntza humanitarioa bidali behar izan dute urtarrilaren 25ean. Berandu izan da hil diren sei umeentzat, gosea eta deshidratazioaren ondorioz. Bere inguruak, ustezko su-etena indarrean egon arren, borroken eta heriotzen eremu bilakatu dira.
Hasakan, lurralde mixtoagoa dena –komunitate kurdu eta arabiar handiak daude, baita armeniarrak eta asiriarrak ere– AEBak hasi dira Estatu Islamikoko presoak ateratzen Irakera eramateko.
Hain zuzen, hori izan da arrazoi nagusia su-etena otsailaren 7ra arte luzatzeko. Preso aldaketa hori behin eginda, badirudi Al-Golanik argi berdea izango duela nahi duena egiteko.
Eta zer da Turkiak babesten dituen Al-Golaniren milizia islamistek egin dutena? Eurek grabatu izan dituzte YPJko emakumeen bahiketa eta exekuzioak –talde oso bati burua moztu zioten–. Hilerriak ere ez dituzte errespetatu eta alauien eta drusoen aurka egin dutena jakinda –milaka hil dituzte Al-Golani boterea eskuratu zuenetik–, bistakoa da herri kurdua genozidioaren atarian dagoela, bereziki emakumezkoak. Al-Golanik gobernu suni islamistaren oinarrietako batzuk erretorika eta indarkeria sektarioak dira, eta horiek baliatuko ditu bere boterea sendotzeko Turkia, Qatar eta Saudi Arabiaren laguntzaz, eta beste hainbat potentziaren oniritziarekin.
Herri kurduaren sakrifizioa Ekialde Hurbilean ireki den aro berrian
Urtarrilaren hasieran Siriak eta Israelek segurtasun akordioa erdietsi zuten Parisen, frantziarren eta estatubatuarren bitartekaritzarekin. Turkia ere ez zen kanpoan geratu eta Ekialde Hurbileko esaera zahar batek dioen moduan, “otordu batean ez bazara gonbidatua, janaria zara”. Hori gertatu zaio SDFren proiektuari.
Sionisten akordioa itxi bezain pronto, Mendebaldeak ahaztu ditu kurduak eta Al-Golanik ekin dio erasotzeari, Turkiarren parte aktiboarekin. Izan ere, Turkiak ikusi du Israel eraldatzen ari den Ekialde Hurbil berri horretan bera ez dela helburu politiko eta militarra. Hori behin ziurtatuta, ez du inolako zalantzarik izan kurduei eraso egiteko. Mugimenduak agerian utzi du Turkiaren eta PKKren arteko bake prozesua denbora irabazteko maniobra baino ez dela izan, indargabetzeko bere lurraldean egon zitekeen disidentziarik handiena.
Orain Erdoganek mehatxurik sentitzen ez duela, alboko herrialdean, Sirian, dagoen kurduen autonomia suntsitzera bideratu ditu bere ahaleginak. Horretarako Al-Golaniren indar jihadisten eta Turkiak eurak urte luzez Siriako Gerran finantzatutako milizia islamisten laguntza dauka. Turkiaren droneak eta hegazkinak ere izan dira gerra zelaian.
Genozidioa babesten duten nazioarteko aktoreen zerrenda luzea da. Europar Batasuna eta Frantzia lehenengo lerroan daude. Gogoratu beharra dago Ursula Von Der Leyenek eta Antonio Costak jakinarazi ziotela Al-Golaniri 600 milioi euro baino gehiago oparituko zizkiotela bere gizon armatuek Alepoko auzo kurduak sarraskitzen ari zen bitartean. AEBen utzikeria izaten ari da, azken finean, elementurik garrantzitsuena.
Estatubatuarrek argi utzi dute ez dutela ezer egingo kurduen alde, nahiz eta horrek haien ustezko misioa –Estatu Islamikoaren desagerpena– arriskuan jarri. Izan ere, Sirian gertatzen ari dena ezin da bereizi 2023ko urritik gertatzen ari denetik. Israel eta Mendebaldea ordena berria ezartzen ari dira. Domino partida horretan Gaza birrintzea, Al Assad kanporatzea, Hezbollah suntsitzea eta Iranen teokrazia desagerraraztea da asmoa, eta bide horretan aktore guztiek askoz erabilgarriagoa jo dute islamista erradikalek gidatutako Siria. Hala erretorika sektarioa, xiien eta sunien arteko kontrakotasuna, hauspotu dute, kurduen autonomia eta komunitateen bizikidetza baino.
Horrek, epe laburrean, genozidioa ekarriko du Sirian kurduen aurka. Epe luzeko eraginak, oraindik orain, ezin dira iragarri.