Gardentasunaren izenean erabaki du Donostiako Udalak atxilotuen eta ikertuen jatorriaren berri ematea. Bilboko eta Gasteizko udalek aldiz, datu horiek ematearen kontra egin dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atxilotuen zein ikertuen jatorriaren berri ematea onartu ostean, Donostiako Udalak neurria ezartzea erabaki du gardentasunaren izenean eta komunikazio ofizialetan eta prentsa oharretan argitaratuko du. El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, Ion Insausti alkate berriaren ekimen pertsonala izan da. Herritarrei jakinaraztea eboluzio naturaltzat ikusten dute, epaitegiari jada informazio horren berri ematen zaiolako.
Erabakia hartu zenetik zenbait alderdi, erakunde zein sindikatu neurriaren aurka azaldu dira. Nerea Kortajarenak EH Bilduren izenean “kolektibo jakin batzuen kontrako aurreiritziak eta mesfidantzak” elikatuko dituela azaldu zuen, “kohesio soziala” eta bizikidetza kaltetzea eragingo duena. Ane Oiarbidek berriz, PSE-EEko Donostiako Udaleko bozeramaileak azaldu du “datu horiek modu isolatuan ematen direnean, testuingururik eta azterketarik gabe” aurreiritziak indartzen direla, konplexuak diren auziak sinplifikatuaz eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura okerrak elikatuz. “Gizartean beldur handiagoa eta segurtasunaren gabeziaren sentsazio handiagoa” sortzen ditu adierazi duenez. Bestelako neurri batzuen alde egin du: Poliziarentzako baliabide gehiago eta politika publiko serio eta iraunkorragoak. Horrela, delinkuentziarekin lotutako faktore sozial, ekonomiko eta estrukturalei aurre egingo zaiela sinesten du PSE-EEk. Podemos ere jatorria argitaratzearen aurka azaldu da.
Bilbo eta Gasteiz aurkako norabidean
Bizkaiko eta Arabako hiriburuetan ez dute jarraituko Segurtasun Sailak ezarritako neurria. Bilboren kasuan, PPk aurkeztu zuen jatorria argitaratzearen aldeko mozioa eta Elkarrekin Podemosek kontrakoa. EAJ eta PSE-EE izan ziren Elkarrekin Podemosen mozioa moldatu eta onartu zutenak, EH Bilduk ere mozioaren alde azaldu zen, jatorriaren berri ematearen kontra eginez. Gasteizen berriz, EAJ eta PP izan ziren jatorriaren berri ematearen aldekoak, baina Maider Etxeberria PSE-EE-ko alkateak kontrakoa erabaki zuen.