argia.eus
INPRIMATU
Atristainen espetxeratzea “sinesgaitza” eta “ulertezina” dela dio Sarek, “haserrea eta “ezintasuna” adierazi ditu Etxeratek
  • Bi elkarteek azpimarratu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak Atristainen kaleratzea ez ezik beste preso askoren zigorrak berraztertzea eskatzen duela, baina Espainiako Auzitegi Gorenak kontrako norabidea hartu duela. Sarek manifestazioa antolatu du ostiral arratsaldean, Babesgabetasun juridikoarekin amaitu, Atristain etxera orain! lelopean.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 03a
Argazkia: sare.eus

Presoen eskubideen aldeko sareak ohar batean salatu du Espainiako Auzitegi Gorenak Europatik heldutako epaiaren aurka egitea, “sinesgaitza” eta “ulertezina” izateaz gain, giza eskubideen kontrakoa ere badela.

Gorenaren epaiak “babesgabetasun juridikoa bermatzea dakar”, adierazi du Sarek: “Xabier Atristainen kasuak inkomunikazio eta torturapeko deklarazioak froga nagusitzat zituzten epai eta zigorrak berraztertzea ekarri behar luke, horren kontrara, Auzitegi Gorenak beste behin ere bere burua babestea hobetsi du, justiziari muzin eginez. Xabierrek kalean behar luke eta gaur, epaia atera orduko emaniko atxiloketa eta espetxeratzea giza eskubideen, justiziaren eta demokrazia zantzu guztien aurka doaz, tamalez, baita herri gisa elkarbizitzarako ematen ari garen urrats guztien aurka ere”.

“Preso askok aske behar lukete”

Etxeratek ere oharra plazaratu du Atristainen atxiloketaren ostean. Preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunen elkarteak gogoratu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aho batez ebatzi zuela Atristainen eskubideak urratuak izan zirela epaiketan, eta horrek epaiaren aplikazio orokortua eskatzen duela. “Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia berria aplikatu behar zuen, preso asko aske uztea ahalbidetuz; izan ere, publikoa eta nabarmena denez hainbat preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztelarik izan atxiloaldian”.

 "Senide presoen kasuan ibilbide juridiko-penitentziarioak blokeatu nahi dituzten sektore immobilisten aurrean", “haserrea" adierazi du Etxeratek, eta baita “ezintasuna” ere. Oroitarazten duenez, euskal preso askok aske egon beharko lukete, legeria arrunta edo, kasu honetan bezala, Europako epai bat aplikatuko balitzaie

Sortuk, bere aldetik, salatu du Espainiako justiziak ezin duela “sudur puntan” jartzen zaiona egin Europako epaien aurrean, baina hori bera egiten ari dela. Sorturen esanetan, Espainiako epaitegiek Atristainen aurka emandako sententzia “baliogabetu” beharko lukete, baina kontrakoa egin dute inongo oinarri judizialik gabe. Azpimarratu du Europak ebatzi duela Atristainek 11 urte eman dituela preso “modu injustuan”, eta orain beste sei urtez espetxeratu nahi duela Espainiak.

Manifestazioa Donostian

Sarek ostegunean bertan egin zuen kontzentrazioa, Atristain atxilotu eta ordu gutxira. Ostiralerako manifestazioa antolatu du, Babesgabetasun juridikoarekin amaitu, Atristain etxera orain! lelopean. Bulebarretik irtengo da, arratsaldeko 19:00tan.