argia.eus
INPRIMATU
Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean
  • Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko martxoaren 16a
Joan den ekainean Atristainen alde egindako mobilizazio bat. (Argazkia: Sare)

Ohikoa bihurtu da fiskaltzak helegitea jartzea euskal espetxeetako tratamendu batzordeek eta Eusko Jaurlaritzak euskal preso politikoei onartutako hirugarren graduen aurka. Jaurlaritzak onartzen du hirugarren gradua, fiskalak helegitea jartzen du eta, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Aretoak ebatzi arte, presoak kalean egon izan dira hainbat hilabetez. Aurkakoa izanik, ebazpenaren ondoren espetxera itzuli dira.

Oraingoan, aldiz, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak lehenbiziz erabaki du presoak espetxean itxarotea helegitearen emaitza. Iragan abenduan Espainiako Auzitegi Gorenak horrela izatea erabaki zuen, eta orain, lehenbiziz, bete egin du zaintza epaitegiak. Horrela, hirugarren gradua eman eta presoak egun batzuk bakarrik egin ditzake kalean –Atristainen kasuan aste eta erdi izan da, eta hiru egun Inziarterenean–, bestela hilabeteak ematen dituenean.

Auzitegi Nazionalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko soka-tira gisako bat gertatzen ari da, tartean presoak harrapatuta. Oro har, Espainiako Estatuko espetxeetan tratamendu batzordeek hartutako erabakiak aurrera doaz eta hirugarren gradua haien esku dagoela esan liteke. Han egiten da preso bakoitzaren jarraipena, eta horren arabera erabakitzen dute; fiskaltza gutxitan sartzen da hori zalantzan jartzen. Euskal preso politikoen kasuan, aldiz, guztiz ohikoa da fiskalaren esku hartzea.

Hirugarren gradua, birgizarteratzeko tresna

Jaurlaritzak 2021eko udazkenean eskuratu zituen espetxe eskumenak eta denbora horretan hirugarren gradua presoen birgizarteratzeko tresna garrantzitsua dela aipatu dute Justizia Sailetik, Europako herrialde aurreratuetan gertatzen den moduan. Jaurlaritzatik ohartarazi zuten ez zutela bereizketarik egingo presoen artean, eta ondorioz, lehen urtean emandako 400 hirugarren graduetatik 30-40artean euskal preso politikoei eman zizkien. Fiskaltzak, aldiz, etengabe jarri du horien aurkako helegitea, presoek ihes egin dezaketela argudiatuz.

Etxeratetik edo presoei sostengua ematen dieten beste talde batzuetatik argudiatu den gisa, ostera, ihesarena aitzakia hutsa da. Hirugarren gradua lortutako preso politiko bakar batek ere ez du ihes egin, besteak beste, ez duelako zentzurik: presoek, oro har, hirugarren graduan denbora bat egin ondoren, baldintzapeko askatasunean geratzen dira.

Horregatik, presoen inguruko eragileek salatzen dutenez, fiskaltzaren helegiteekin, eta hauen ebazpena espetxean itxaron beharrarekin, funtsean, hirugarren graduaren erabakia espetxe batzordeen esku geratu beharrean, fiskalen esku dago. Hori guztiz praktika ezohikoa da presoen birgizarteratzea bilatzen duten espetxe politiketan.