Guardia Zibilak Donostiako Ategorrietan zazpi langile hil eta dozenaka manifestari zauritu zituen tiroka 1931ko maiatzaren 27an. XX. mendeko langileen aurkako sarraskirik handiena izan da Euskal Herrian, eta, hala ere, gaur egun inor gutxik gogoratzen du. Krimen horien 95. urteurrena heltzear dela, ARGIAk Ategorrietan Fisterra argitaratu du, 210 orriko komikia. Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu eta gidoiaz arduratu dira Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitz. Hitzaurrea Koldo Izagirrek idatzi du eta, komikiaz gain, libururako propio prestatutako bi kantuko soinu bandarekin biniloa ere eskuragarri izango da.
1931ko maiatzaren 27a. Ategorrieta, Donostiaren ekialdean. Guardia Zibilak Pasaiatik (Gipuzkoa) datorren manifestazioa geldiarazi du. Protestaren buruan haurrak eta emakumeak daude. Haien atzetik, 2.000 pertsona baino gehiago. Arrantzaleak, portuko langileak eta bizilagunak. Bidean Loiolako kuarteleko soldaduekin egin dute topo, baina manifestazioak aurrera jarraitu du, eta orain ez du zertan bestela izan. Azken finean, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri berri da. Halako batean korneta soinua entzun da, eta berehala tiroak. Bat, bi, hogei, berrogeita hamar, kargagailuak hustu arte. Ategorrieta. Finis Terrae. Ekialdetik hirira sartzeko Ate Gorria lurraren amaiera bihurtu zen egun hartan. Hildakoak eta zaurituak. Gerra-egoera eta atxiloketak.
Komikiaren generoan lehen lana duten lau egileek itsaso zakar honetan nabigatzera garamatzate. Itsas bidaiaren jatorrian Guardia Zibilak hildako José Novo galizarraren ondorengoei egindako elkarrizketa dago. Pasaiako lan-gatazkaren kontakizuna eta sarraskiaren eguneko kronika gertaeraren lekuko zuzenen testigantzetan oinarrituta daude. Gainerakoan, fikziozko errealitate historikoa da. Benetako pertsonaiek eta fikziozkoek itsaso berean nabigatzen dute, betiere gertatutakoaren egiazkotasuna desitxuratu edo baldintzatu gabe, baina begirada berri bat gehituta, Donostiarena. Zera diote: "Gortearen udako hiria, aristokratikoa, orbangabea eta, bere irudiaz jeloskor, garrantzi historiko ukaezina duen krimena ahaztea nahiago izan duena. Ategorrietakoa XX. mendeko langileen aurkako sarraskirik handiena izan da Euskal Herrian, eta, hala ere, gaur egun inor gutxik gogoratzen du gertatutakoa. Izan ere, ezagutzen dena baino ezin da gogoratu".
Koldo Izagirre idazlea, lan honen hitzaurrea egiteaz gain, hitz aholkulari izan da komiki osoko elkarrizketetan.
Komikiak 210 orri ditu, tapa gogorra du, ekoeditatua izan da, tokiko inprentan ekoitzia eta bertan biltegiratua. Lotura honetan ekoedizioari buruzko informazio gehiago, baina aurrerapen gisa titular bat: komiki honen ale bakoitza ekoizteak Google 1,1 milisegunduz erabiltzeak sortzen duen karbono aztarna bera eragin du.
Istorioaz gain, ondorengoa topatuko du irakurleak orriotan: gaiarekin loturiko dokumentuak, sarraskiaren egunaren kronologia, pertsonaia nagusiei buruzko informazioa, egun hartako argazkiak, Ategorrietan eraildako José Novo Martinez galiziarraren senideen artikulua, Beñat Gaztelumendiren koplak eta Koldo Izagirreren poema bat.
Liburuari soinu banda jartzeko biniloa prestatu dute egileek eta bi kantu egin dituzte propio proiekturako.
Bat Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrek eta Bala galiziarrek egin dute elkarrekin, komikian aipatzen duten Avilés de Taramancos galiziarraren Cántico de anguria e de esperanza pra arrola-lo meu neno poeman oinarrituta.
Bigarren kantua Gailu andoaindarrek eta Nakar donostiarrek elkarlanean egin dute, Beñat Gaztelumendik idatzitako koplekin.
Datozen egunetan egingo dituzte publiko kantuokin eginiko bideoklipak.

Liburua maiatzaren 13an aurkeztuko du ARGIAk, Donostiako Parte Zaharreko Kriptan, San Jeronimo kalean, 18:30ean.
Maiatzaren 21ean, Donostiako Marruman elkartean egileekin elkarrizketa egingo dute, 19:00etan.
Maiatzaren 27an, sarraskiaren egunean Pasaiako Udalarekin elkarlanean, Trintxerpeko liburutegian aurkezpena, 19:00etan.
Ekainaren 11n Donostian Egia Recordsen diskoaren aurkezpena, 18:30ean.
25 euroan eros daiteke komikia ARGIAren online azokan, eta komikia eta biniloa pack-a 30 euroan. Biniloa ekainaren lehen astean iritsiko da, eta orduan egingo dira bidalketak.