Pasaiako Udalak ekitaldi instituzionala antolatu du goizean Trintxerpen, hildako zazpi langileen omenezko plaka dagoen tokian. Arratsaldean, Ategorrietan Fisterra komiki liburua aurkeztuko dute. Donostian, azken urteetan bezala, EH Bilduk lore eskaintza egingo du Ategorrietako erlojuan.
Maiatzaren 27an 95 urte beteko dira Guardia Zibilak Pasaiatik Donostiara zihoan langileen manifestazio bat zapaldu eta zazpi lagun hil zituela Ategorrieta parean. XX. mendean Euskal Herrian gerra testuingurutik kanpo langileen aurka egindako sarraskirik handiena izan arren, 1931ko gertakari haiek oso ezezagunak izan dira orain gutxi arte.
Pasaiako Udalak duela hiru urtez geroztik oroimenerako ekitaldi instituzionala antolatu ohi du urteurren egunean, eta aurten ere Trintxerpeko Alkateordetzaren eraikin ondoan bilduko dira ordezkari politikoak eta eragileak.
Toki horretatik irten zen 1931n manifestazioa Donostiarantz, lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Loiolako kuarteleko soldaduek igarotzen utzi zieten arren, Ategorrietako erlojuaren parean Guardia Zibilak tiroka hartu zituen eta dozenaka lagun zauritu eta zazpi hil zituen; gehienak Galiziatik Euskal Herrira lanera etorritako arrantzaleak ziren.
Joan den urtean Pasaiako Udalak oroigarri plaka bat jarri zuen, Julen Lazkano eta Joritz Lizarbe sortzaile pasaitarrek diseinatua. Aurten, omenaldiaz eta lore eskaintzaz gain, Nora Gondat artista antxotarrak sorkuntza adierazpen bat ondu du espresuki urteurrenerako: paste up teknikarekin aurrez egindako murala itsatsiko du momentuan bertan Alkateordetzako horman, sarraski haren biktimak eta haien izenak islatzen dituen irudia izango da, egileak ARGIAri azaldu dionez. Ekitaldia 11:30ean hasiko da.
"Jarrai dezagun gertatukoa ezagutarazten, ez dadila herri memoria eten". Horixe adierazi du Donostiako EH Bilduk asteazkeneko ekitaldia iragartzeko mezuan. 10:00etan lore eskaintza egingo dute Ategorrietako erlojuan eta Trintxerpeko alkateordetzako oroitza-ekitaldira joango dira.

Arratsaldean, Ategorrietan Fisterra liburuaren aurkezpena Trintxerpen
Goizeko ekitaldi instituzionalaren ondoren, arratsaldean beste ekitaldi batek borobilduko du Pasaiako Udalak urteurren eguna. Trintxerpeko liburutegian Ategorrietan Fisterra komiki liburua aurkeztuko dute, ARGIAk argitaratu eta Pasaiako Udalak babestua. Liburuak 1931ko gertakarien atzean zegoen errealitate sozial eta politikoa islatu nahi du, fikziozko hainbat protagonistaren bidez.
Malen Gainzarainek egin ditu ilustrazioak eta Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazbal arduratu dira gidoiaz. Gainera, Koldo Izagirrek hitzaurrea eta liburuko amaierako poema egin ditu, eta komikiko elkarrizketetako hizkuntza-aholkulari izan da. Beñat Gaztelumendiren bertsoak, testigantzak eta argazkiek osatzen dute liburua. Eta binilo bat ere atera dute komikiari soinu-banda jartzeko, Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakar taldeekin elkarlanean.
Sarraskitik justu 95 urtera, gertakari odoltsu haien jatorrian, Pasaian, aurkeztuko dute komikia. Saioa 19:00etan hasiko da, herritar guztiei irekia da, eta komikia bertan erosteko aukera ere izango da, egileen sinadura eta guzti.
