argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Ategorrieta 1931
  • Langileen sarraskiak ez ziren soilik Frankismo garaian egin, Gasteizen 1976an bost langile hil eta dozenaka zauritu zituztenean bezalakoak. Duela 90 urte aldarrikatutako Espainiako Bigarren Errepublikan ere indar armatuek langileen aurkako errepresio basatia eragin zuten, Casas Viejasen (1933an) eta Asturiesen 1934ko iraultzaren kasuan bezala. Eta Hego Euskal Herria ere ez zen errepresiotik libratu.

Juan Mari Arregi 2021eko maiatzaren 20a
Ategorrietako sarraskiaren ondoren Gipuzkoan gerra bandoa irakurtzen (argazkia: \'Beasaingo paperak\', 1993 / Iturria: Naiz.eus)

1931ko maiatzaren 27an, Errepublika aldarrikatu ondoren, Ategorrietan itsasoko zazpi langile hil ziren. Langileak greban zeuden, eta emakume eta haurrekin batera, 2.000 lagun Pasaiatik Donostiara manifestazioan iristen saiatu ziren. Grebalariek, CNTren eta FLSOren babesarekin, atseden hartzeko eta soldata duinagoak jasotzeko eskubidea eskatzen zuten.

Agintariek armadarekin erantzun zuten manifestariak hiriburura iristea eragozteko. Hala eta guztiz ere, manifestazioak lehen kordoi militarra igaro zuen, eta, Ategorrietako erlojuaren parera iristean, guardia zibilak tiro egin zuen martxaren kontra, zazpi langile zerraldo utzita. Herritarren erreakzio solidarioaren ondoren, gerra egoera ezarri zen, baina, sarraskia gertatu eta egun batzuetara, gobernu errepublikarrak langileen aldarrikapenak onartu zituen, eta horrek grebari amaiera eman zitzaion.

Orain arte oharkabean igaro edo ezkutuan eduki diren gertakari larri horien aurrean, memoria historikoaren berreraikitze ofiziala egin behar da. Eta Bigarren Errepublika babestu zuten eta gaur egun indarrean dauden alderdi eta sindikatuei, baita tartean zeuden udalei ere, gertaera horien aitortza publikoa egitea eta barkamena eskatzea dagokie. Ategorrietan, oroigarri gisa monolito edo plaka bat jarriz hasi beharko lukete bide hori.