Ohiko moduan, ostiraletik igandera hainbat idazle eta irakurzale elkartuko dira Usurbilen (Gipuzkoa). Baita musikazaleak ere, solasaldia antolatu baita Ruper Ordorikarekin, eta hurrengo egunean haren kontzertua. "Euskal kontakizunaren ospakizuna" da Booktegiren esanetan, makina bat diziplina artistiko uztartzen baitira. Sarrerak, geratzen badira, Usurbilgo Udalaren webgunean daude eskuragai.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Euskal literaturaren topagune digitala da Booktegi, eta bere leloak dioen moduan, euskal literatura denon eskura, printzipio gisa ulertzen du literaturaz gozatzeak debaldekoa izan behar duela. Xede horrekin sortu zen 2017an, euskarazko lanak formatu digital zainduan eta doan eskaintzeko, liburu elektronikoaren abantailak baliatuta. Iazko edizioaren atarian, honela adierazi zion ARGIAri Booktegiko arduradun Aritz Brantonek: "Askotan badirudi euskaraz asko idazten dela, eta oso ondo idazten dela, baina oso gutxi irakurtzen da. Uste dut oreka falta dagoela. Liburuak dohainik eskaintzea ekarpena da".
Proiektuak garai hobeak izan baditu ere, indartsu heldu ohi dio urteroko jaialdiari Booktegik, Usurbilgo Udalak diruz lagunduta. Ohiko formatuan, afixa ederra du egitarauak: hasteko, ostiral arratsean, 19:00etan, Ruper Ordorikarekin jendaurreko solasaldia egingo dute Brantonek berak eta Itxaro Bordak gidatuta, musika, letragintza oro har, eta kulturari loturiko gaiak hizpide hartuta.
Larunbat goizean, Elkarri irakurriz atalean, hainbat belaunalditako idazleak solasera juntatuko dira, bi taldetxotan banatuta, hiruna bakoitzean eta gidari bat. Guztira zazpi lagun, beraz. Sei idazlek enkarguzko ipuin bana idatzi dute Booktegiren jaialdirako, eta horien bueltan solastatuko dira, Irati Zubia filosofoaren gidaritzapean. Sotoa taldean, Bea Salaberri, Iñigo Satrustegi eta Harkaitz Cano elkartuko dira; eta Ganbara taldean, berriz, Ugaitz Agirre, Lizar Begoña eta Agustin Arrieta.
Arratsaldean, Booktubers deituriko ekitaldia egingo da, Udarregi Ikastolako ikasleen eskutik, bideo-formatuan hainbat liburu gomendatu eta iruzkinduko baitituzte. Eta horren ostean, Arbaso Eguna mahai jolasean aritzeko tartea izango da. Rol jolas narratibo eta parte hartzailea da. Eta larunbata biribiltzeko, kontzertua: Ruper Ordorikaren emanaldia, taldean. Sutegi kultur etxean izango da, 19:00etan.
Igande goiz-eguerdian, bestalde, Usurbilgo Mihise musika taldearen Ahaldatu kontzertu-grabazioa proiektatuko da. Haien diskoak izen hori du, eta kontzertuetako bat grabatu egin zuten. Egitaraua biribiltzeko, azkenik, Anariteka ariketa kolektiboa –iaz Rupertorioa egin zuten–. Boluntarioki eta grinez, Anariren abesti bat hautatu ahalko da, eta nahi izatera zuzenean interpretatu, nahi den erara, edo besterik gabe letren inguruko hausnarketak parteka daitezke, anekdotak, errezitaldiak... Aukera zabala da.