Iluna nagusi da lautadan Forondara iritsi garenerako. Maletei tiraka, aireportuan sartu gara laurok. Fakturazioa eginda, kafetegian afari-legea. Ondarruko Yaalah elkartekoak gailentzen dira, hamazortzi lagun euren sudadera eta tixertekin. Komunera azken ostera eta abiatu gara. Hasi da abentura!
Aljeren geldialdia egin ostean, ordu txikietan Tindoufera heldu gara. Ilara geldoan, poliziek barretxo artean pasarazten gaituzte. Azkenean atera gara. Goian izarrak dir-dir; aurrean, eramango gaituzten bus zaharrak. Bojadorrera goazenok hamazazpi gara, gehienok euskaldunak. Busa martxan jarri da eta hamada nabarrean murgildu gara.
Seiak aldera kanpamenduko sarreran utzi gaituzte. Familiak bertan daude zain, hasi dira besarkadak. Halako batean Fadili, Lelen anaia, agertu da. Badugu kotxea, eskerrak, zama handiegia baita oinez abiatzeko. Etxean Safiak gela erakutsi digu, atsegina da, ederto egongo gara. Fadili berriro jaitsi da neska batzuen etxekoek ez baitute kotxerik. Eskuzabala da gero gure elektrikaria!
Eguerdian esnatu eta etxeko alabak, Glaimina eta Faiti, begira ditugu. Gaztelaniaz ez dakiten arren berehala sortu da lotura. Glaimina, gozoa eta hurbila da; Faiti, berriz, azkarra eta jostalaria. Lehengusuak ere agertu dira, hiru mutiko, zein baino zein bihurriagoa. Lelek berehala jarri die ezizena, errusiar mafia, zelako barreak! Arratsean erdigunera jaitsi gara, plastikozko zaborrez betetako kalexkan jendea erosketak egiten ari da. Bueltan afari ederra topatu dugu: entsalada, arrautzak, fruta…Bistan da Safiak ondo zainduko gaituela.
Abenduak 1
Kafe usaina dago eta Safia alabei deika ari da gosaria prestatu bitartean. Domeka izan arren umeek eskolara doaz hemen jaiegunak barikua eta zapatua baitira. Glaiminak Korana ikasten du madrasan baina gaur gurekin etorriko da. Pozik doa Leiregaz, euren artean komunikazio ona dago eta Leire saiatzen da hassania apur bat ikasten. Ahoskera ez da erraza, guk inoiz probatu bako fonemak erabiltzen dituzte eta. Eskolan, ederra izan da umeak geletan ikustea eta, maistrak gidatuta, hassania irakurtzen ausartu gara.
Handik Lelen lehengusinarenera joan gara eta, familia elkartuta, harrera ederra egin digute. Tea txandaka prestatzen dute eta keak dena inguratzen du. Bazkaltzeko plater gozo ugari, hunkigarria da ezer ez duen jendeak dena ematen digula ikustea.
Iluntzean muinora hurbildu gara ilunabarraz gozatzera. Etxe berriak ari dira altxatzen, adreiluz eta blokez. Sahararrak -nor ez?- kontraesanean bizi dira: amore eman eta bertan geratu ingurua hobetuz edo behin-behinekotasunean jarraitu euren lurraldera bueltatzeko asmoa elikatuz. Tontorrean basamortuko argi zoragarriak inguratu gaitu, ederra!
Gau itxian auzokoen bantrara heldu gara. Etxe guztien ondoan zegoen jaima ordezkatu dute bantrek -plantxa metalikoz eginiko eraikin xumeak-. Barruan giro gozoa, Safiaren gurasoak ume artean daude. Bazterrean duten telebistan berri ilunak Alepotik... Afalostean, berriketaldi polita egin dugu eta azken unean, Egunean Behin partida.
Abenduak 2
Gaur ere goiz jaiki gara. Lel pozik dabil, hogei urte eta gero senideen harrera bikaina izan baita. Bat-batean, Fadili agertu da, korrika atera behar! Rabounira goaz Lelen paperak egitera. Bidetik kotxeak ziztuan; kanpoan fresko baina egun ederra dator. Aurrean lautada gurutzatzen duen obra handia ikusi dugu. Txina lagun, Tindouf eta burdin-meatzeak lotuko dituen trenbidea ari dira eraikitzen. Aldaketa dator eskualdera…
Bulegoa patioa duen eraikin batean dago. Barruan familia bat, gizon zaharra, umetxo bat aitarekin, denak zain agiriak lortzeko. Euren egunerokoan sartu gara apur bat eta gustura gaude kanpoko kurriloiei begira.
Handik AFADEPRESAra joan gara eta bertan egoera azaldu digute. Lerroburua: errepresio latza okupatutako lurraldeetan eta gune liberatuan, berriz, erasoak harresi ondoan. Zirrikitu juridikoak ari dira bilatzen egoerari buelta emateko baina munduak beste alde batera begiratzen du. Erakusketa ikusi eta gero osteratxoa egin dugu ospitalera. Neska atsegin batek Ojos del Sahara proiektua azaldu digu. Oftalmologia saila, kubatarren laguntzarekin egina, ondo antolatuta dago. Irlako medikuak ebakuntzak egitera etortzen dira eta materiala ere bidaltzen dute.
Handik Erresistentziaren Museora, Fadilik ate guztiak irekitzen dizkigu! Azken urteetako gertaerak kontatu dizkigute eta, jarraian, errekisaturiko tanke eta abarren erakusketa ikusi dugu. Bertan jakin dugu non egiten diren Marokok dituen arma asko, Euskal Herriko herriren bat ere ageri da.
Rabounin bazkaldu dugu, Lelen ustez Kabul itxura duen kalexka batean. Plater gozoa, arroza mauritaniar erara. Kanpoan gasolindegi funtzioa betetzen duten ontziak daude eta bertan aldatu dugu dirua. Jendea erretzen ari da lasai asko, segurtasun araurik ez dago.
Ilun dago etxerako bueltan, gure erreferentzia etxe alboko antena handiak dira. Faitik matematika klaseak eman dizkigu eta zenbakiak ikasten saiatu gara. Oheratzean desertuko animaliak ditugu gogoan, txoriak, gameluak eta atzo Lelek aipatu zituen musker eta eskorpioiak. Euliak lagun, loak hartu gaitu.
Abenduak 3
Jaikitzean orri batean Euskarak batzen gaitu idatzi eta mahaian jarri dugu. Etxekoei esan diegu zein funtsezkoa den guretzat euskaraz bizitzeko hautua eta eurak hassaniaren egoeraz mintzatu zaizkigu. Hizkuntza gutxituak beti amildegian…
Pedro makal dabil, Fortasec unea heldu da. Larriak larri, Rabounirantz egin dugu atzokoak amaitzera. Azkar joan dira bulegokoak eta, jarraian, Fadilik inguruko berdegune bakarrera eraman gaitu, N`Khaibara, hain zuzen. Oasia zoragarria da: zuhaitzak, ur-putzua, negutegia. Tarte bat eta gero Monegro itxurako saila zeharkatu eta lehengusinarenera joan gara bazkaltzera eta handik, etxera. Badirudi gripea dabilela bazterretan: Leire ez dago sasoiko, Mohammed txikia ere ukituta. Euskal Herrian ere jende asko ei dabil makal, neguko gaixo-boladek erraz zeharkatzen dituzte kontinenteak.
Iluntzea etxean ematea erabaki dugu. Saiatu gara Gdeim Izik dokumentala ikusten Youtuben baina ezin. Solasean eta dei batzuk eginez joan zaizkigu afalaurrea zein ostekoa. Pozik oheratu gara, bihar Smarara goaz!
Abenduak 4
Lainotu samar esnatu da eguna lau herrialdek bat egiten duten bazter hauetan. Gorputzaldiak, aldiz, bezperan baino oskarbiago. Lehen ostera ACNURen ospitaltxora izango da botikak utziko baititugu bertan. Handik Zine Eskolara egin dugu. Ainhoak dio 2018an baino askoz hobeto dagoela. Arduradunaren hitzetan, itzela da ikasleek egiten duten lana, kanpamenduetako ekitaldi gehienak grabatzeaz gain, sormen lanak ere ari baitira ontzen.
Agur esanda, kotxean sartu eta errotondan Nasir hartu dugu. Hiru aurrean eta lau atzean, pozik gurutzatu dugu hamada gordina. Heltzean, ohikoa: harrera gozoa eta mahaia janariz lepo. Ondoren, solasaldia tea hartu bitartean eta jolasak umeekin kanpoaldean… Jaiki garenerako zerua izarrez beteta dago eta gu apur bat zorabiatuta gelan sortu den keaz edota azukre gaindosiaz, zeinek daki.
Etxean, telebista aurrean elkartu gara, Athleticen partida hasi baita. Emaitza, 2-1. Hamar urte Real Madrid irabazi barik eta guk hemen ikusi dugu!
Abenduak 5
Gaur Elgausera goaz. Egunotan Unión Nacional de Mujeres Saharauis erakundearen 50. urtemuga da eta hainbat jarduera antolatu dituzte. Pedro eta Ainhoa lasai dabiltza eta Lel urduritzen. Eskerrak dena umorez hartzen dugula! Heltzean, goizeko ekitaldia amaitu da… Ura eta fruta apur bat erosi eta berriro etxera.
Siesta ondoren, denok goaz jaialdira. Aretoa lepo dago: melfadun emakumeak, militarrak, atzerriko gonbidatuak. Ikusgarrienak Tanzaniako hirurak dira, euren kolore biziko arropa eta dantzekin. Lelek la discoteca andante bataiatu ditu. Musika, barreak, giro ederra benetan. Lelen laguntzaz, oholtzara igo direnen berbak entzun ditugu hunkituta.
Bihar gure azken egun osoa izango da. Bizipen beteak ari gara izaten eta ematen du denbora luze daramagula. Era berean, egunak azkar doaz.
Abenduak 6
Eguna zukutu nahian goiz atera gara Sahara okupatuan bizi den Sultana Khaya baitator ospakizunera. Errepresioaren biktima, erreferentea da sahararrentzat. Nekatuta ematen du baina atsegina izan da gurekin argazki bat egiteko eskatu diogunean.
Eguerdian, Nasaren etxera joan gara. Bazkaldu ondoren, hennaren unea heldu da; marrazki politak egin dizkie neska aditu batek Leire eta Ainhoari. Gau beltzean etxeratu gara; faltan botako ditugu zeru hauek… Azken afaria, ohi bezala, oso gozoa, baina gaur afalosterik ez, goizean agur esateko tartea izan nahi dugu eta.
Abenduak 7
Heldu da agurraren unea. Kirioak dantzan, dena batzeari ekin diogu. Hunkituta, egunotako bizipenak datozkigu arrapaladan. Kotxeetan sartu eta denok elkartu gara Elgauseko patio zabalean. Malko eta irri artean igo gara busera. Asko dago kontatzeko; Zeanuriko nesketako bat, adibidez, ospitalean egon da azken orduotan. Ederto artatu dute eta botikak hartuta dator baina hegaldirako beldur. Hori bai, dioen moduan, “bihotza beteta daroat, zelako egunak!”.
Tindoufera heldu gara, izugarria da hiritxo honen hazkundea! Etxeak ari dira altxatzen han-hemen, bistan da mehatzen ustiaketak inguru hauek errotik aldatuko dituela. Garapena dator, aho biko ezpata, sahararrek asmatu beharko dute egoera kudeatzen.
Aireportuan di-da batean pasa ditugu atakak. Barrerako uneak ere badira, nabarmenena polizia bat "Ez erre" kartelaren alboan zigarroari tiraka ikustean. “Aljeriarrak itzelak dira” dio Lelek, “kabroiak baina miresten ditut, kolonoak ostiaka bota zituzten”. Gaua da abioira igo garenerako. Izan ere, segurtasuna dela eta, Tindoufen hegaldiak beti dira gauez.
Gauerdian lurra hartu dugu eta taldea atoan sakabanatu da. Taxi batean lagun batzuen etxera abiatu gara. Las Nieves aurretik pasatzean, Pedrok esan digu hantxe sortu zela Cikatriz Natxo eta Poti desengantxatzen zeudela. Euri asko bota du harrezkero; kalean ere zarra-zarra ari du, kontraste ederra atzean utzi dugun lur elkorrarekin.