Asteazkenean abiatuko da EuskarAbentura, Atharratzetik

  • Hilabeteko espedizioa hasiko dute 130 gazte euskaldunek, Atharratzetik (Zuberoa) Getxoraino (Bizkaia). Zortzigarren edizioa da aurtengoa eta berritasun gisa, lehen aldiz Sakanatik eta Ondarroatik igaroko dira. 


2026ko ekainaren 29an - 12:05
Azken eguneraketa: 14:35
2023ko EuskaraAbenturako argazkia. Hiruka komunikazio-taldea (CC BY-SA 2.0)
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

130 gazte eta 650 kilometro aurretik. Uztailaren 1ean hasiko du bidea EuskaraAbenturaren zortzigarren espedizioak, Atharratzen (Zuberoa), eta hilabeteren ostean amaituko da, Getxon (Bizkaia). Jzioqui dugu aldarripean egingo dute, euskararen pizkundeari "bultzada" emateko helburuarekin. 

2018an jaio zen EuskaraAbentura, gazteen euskararen erabileran eragiteko xedearekin. Aurreko edizioetan bezala, Done Jakue bidea izango dute oinarri, baina aurten geldialdi berriak egingo dituzte, Euskal Herriko "txoko berriak ezagutzeko", hala nola, Sakanan eta Ondarroan. Bataz beste, egunean hamazazpi eta hogei kilometro artean egingo dituzte jzioquitarrek. Zazpi hiriburuak zapaltzearekin batera, asko dira bisitatuko dituzten herriak, adibidez, Baigorri (Nafarroa Behera), Lesaka (Nafarroa), Zarautz (Gipuzkoa) eta Bermeo (Bizkaia), batzuk aipatzearren.

Jzioquitarrak deitzen zaie EuskaraAbenturako parte hartzaileei. Euskaraz idatzitako lehen testigantza idatzietako batetik dator izena, "jzioqui dugu" idatziti, eta "piztu dugu" edo "lortu dugu" esan nahi du. EuskaraAbenturan parte hartzeko gazteek hiru galderari erantzun behar diete eta aurkezten dituzten lanen arabera dira aukeratuak. Aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lanak eta 130 izan dira aukeratuak.

Zazpi lurraldetako gazteak dira, gehienek bizkaitarrak (45), eta diasporako bat ere badago haien artean, Herrialde Katalanetako Sant Cugat del Vallesekoa. Generoari dagokionez, erdia baino gehiago emakumezkoak dira (77).

Gazteekin batera, 24 kidez osatutako lan taldea dago, besteak beste, xerpa eta material eta gidari arduradunen lana egiteko. Koordinatzaileekin batera, boluntarioak ere badaude EuskaraAbenturan. Ezinbestekotzat dituzte, halaber, proiektuaren babesleen ekarpena, "Euskal Herriko errealitate ezberdinetako gazteek esperientziaz gozatzeko aukera posible egiten dutelako".

Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten aurkeztutako lan kopuruak, koordinatzaileen erreleboak eta antolaketarako boluntario berrien parte hartzeak erakusten du proiektuak "baduela gazte euskaldunen interesa, belaunaldi berrien babesa eta aurrera jarraitzeko indarra". 


Irakurri gehiago: Euskara
Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...