Errekaleor Bizirik proiektuak 13 urte bete ditu irailean. Urteurrena ospatzeko hitzaldiak, kontzertuak, jolasak, bizikleta martxa, proiekzioak eta abar antolatu dituzte.
Irailaren 22tik 27ra bitartean Errekaleor auzoan festa giroa egongo da, auzoa okupatu zeneko urteurrena ospatzen egongo direlako. Hamahiru urte pasa dira EHUko ikasle batzuek auzoko lehen blokea okupatu zutenetik. Okupazio hura oraindik auzoan bizi ziren auzotarren konplizitatearekin egin zuten.
Asko aldatu da auzoa ordutik, bloke bakarra okupatzetik auzo oso bat okupatzera. Hamairu urte hauetan ehundaka pertsonek osatu dute Errekaleor Bizirik proiektua, eta indartsu eta bizirik jarraitzen dutela aldarrikatzeko urteurrena ospatuko dute.
Asteartean Jon Martinez Larreak Martxoak 3, greba, sarraskia, memoria liburuaren aurkezpena egingo du 17:30etan. Jarraian 19:30etan Txago kolektiboak Karrikaratu III: Indarkeria polizialaren erregistro txostena aurkeztuko du. Asteazkenean berriz, 19:30etan Araba Bizirik kolektiboak emango du hitzaldia. Guzti hauek euskaraz izango dira eta auzoko gaztetxean egingo dira.
Ostegunean, 17:30etan Las prisiones que habitamos, una mirada crítica a la arquitectura de la clausura hitzaldia emango dute Memòria, lluita i resistència kolektiboko kideek eta jarraian Extractivismo, defensa de tierras e infraestructuras populares proiektatuko da Romualdo Barroso zineman.
Ostiralean Okupatour bezala izendatu duten bizikleta martxa egingo dute. Gasteizko espazio autogestionatu eta okupatuetatik egingo dute ibilbidea eta hauen historia ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Okupatourra bukatzean Txupinazoa eta jarraian kontzertuak: Joni txintxes eta Billy Ladilla, Sua, Tarisko eta DJ Tangatek.
Larunbatean, 12:00etatik aurrera, txikienek beraien gunea izango dute puzgarri, jolas eta erraldoiekin. Ondoren herri bazkaria egingo dute eta 17:30etan ginkana. Egunari itxiera emateko Las Tipex, Caballo Muerte, Nerepe eta DJ Lilak & Skiat egongo dira oholtzan.
Azken egunean, ohikoa den bezala, Gudari Eguna ospatuko da igandean. Goizeko 12:30etan Saltsa Badago binilo pintxada bermut eta gilda beganoekin. Arratsaldean berriz Lasa eta Zabala filmaren proiekzioa egingo da. 20:00etangudariei omenaldia eta 21:00etan urteurrenari bukaera emateko borroka kantuak abestuko dituzte.