Astearte honetan hasi da Osakidetzako filtrazioen auzia

  • Duela zortzi urte hasi zen afera, Osakidetzako oposizio batzuetan filtrazioak salatu ondotik. Hemeretzi pertsona eraman zituzten auzitara hasieran, baina horietarik bik baizik ez dute auzia ukanen.


2026ko urriaren 20a - 14:33
Azken eguneraketa: 18:50
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eskandalua eragin zuen aferak, eta orduko Osasun sailburu Jon Darponek dimisioa aurkeztu zuen, baita Osakidetzako zuzendari orokor Maria Jesus Mugicak, eta Giza Baliabideetako arduradun Juan Carlos Sotok ere. Hainbat sindikatuk eta eragilek, ESK eta LAB sindikatuek esaterako, salatu zuten Osakidetzako oposizio azterketetan filtrazioak ohikoak zirela, eta arazo "sistemikoago" baten parte. 

Hasierako hemeretzi auzipetuetarik bi bakarrik agertuko dira jujearen aurrera, gainontzeko hamazazpi akusazioak artxibatu zituelako Arabako Probintzia Auzitegiko 2. atalak. Kirurgia plastikoko mediku bat eta oposaketara aurkeztu zen hautagai bat dira akusatuak, eta hautagaia medikuaren semearen bikotekidea zen oposaketen momentuan. Arrazoi horiengatik erabaki dute bi akusatu horien aurkako auzia aurrera eramatea. Hautagaiak frogaren lehen zatiko 50 galderetarik 48 ongi erantzun zituen, eta horrek ikuskarien susmoak piztu zituen. Medikuari berehala eskatu zizkioten kontuak, eta honek ikasi beharreko "bibliografia" soilik erakutsi ziola azaldu zuen. 

Auzia asteartean hasi da, eta bi egun iraungo ditu. Bi urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak medikuarentzako, eta urtebetekoa oposiziogilearentzako. Hala ere, ez batak ez besteak ez dute aurrekari judizialik, eta errudun jota ere ez lirateke kartzelara sartuko. Bi akusatuek bihar deklaratuko dute auzitegian.

ESKren balorazio "gazi-gozoa"

ESK sindikatuko bozeramaile den Patxi Nicolauk epaitegien aurrean egin dituen adierazpenk jaso ditu Berria-k. "Batetik, pozik gaude ESKk duela zortzi urte hiru anestesistekin batera aurkezturiko salaketak hasi zuen bidea ixten delako, eta filtrazioen ustezko bi erantzule epaituko dituztelako. Bestetik, hasiera batean ikerketak dozena bat espezialitateri eragiten zien, ia hogei bat akusaturekin, eta, bide luze eta oso malkartsu baten ostean, espezialitate bakarreko bi pertsona iritsi dira epaiketara".

Izan ere, bere usteetan "errealitate judiziala eta soziala ez datoz bat", aferak ondorio askoz ere gehiago izan zituelako gizarte-mailan auzitegian baino. Hala ere auzia prozedura baikor baten emaitza gisa baloratu du, "sindikatu honek lortu duelako halako filtrazioak ahalbidetu zituen lan eskaintza publikoaren eredua bukatzea". 

 


Iruzurra Osakidetzan kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.