'Aste Nagusian Euskara Nagusi' kanpaina jarri dute abian Bilboko Konpartsek eta Guka euskararen aldeko mugimenduak. ARGIA Gukako bozeramaile Maialen Gagorekin mintzatu da, eta adierazi du helburua jaietan euskara “eroso” erabili ahal izatea dela.
Hor Dago Abante konpartsako elefantea lanpetuta ibiliko da aurten. Beroak ez du atsedenik eman, eta hortaz, tronpadun animalia Bilboko Aste Nagusiko bestazaleak freskatzeaz arduratuko da. Ez da bere eginkizun bakarra izanen, ordea: ingurukoak euskaraz blaitzen lagunduko du. Euskararen aldeko hautua jaietako esparru guztietara “zipriztintzea” da, hain zuzen, Bilboko Konpartsen eta Guka euskaltzaleen mugimenduaren aurtengo helburua, Gukako bozeramaile Maialen Gagok (Deustu, Bilbo, 1996) ARGIAri azaldu dionez. Horretarako, bi taldeek elkarlanean Aste Nagusian Euskara Nagusi ekimena paratu dute martxan.
Nondik sortu da Bilboko Konpartsekin Aste Nagusian Euskara Nagusi ekimena sortzeko ideia?
Azken urteotan konpartsen barne mailan urrats handiak eman dira euskarari dagokionez; esaterako, jai batzordetako funtzionamendua eta kanpora begirako komunikazioa euskaldundu dute, baita euskarazko programazioa indartu ere. Hala, uste genuen aukera ona zela, batetik, egindako lan guztia ezagutarazteko, eta konpartsen espazioa gune euskalduna dela aldarrikatzeko; eta, bestetik, egungo egoeraren azterketa zorrotza eginda, konpromiso berriak hartzeko.
Nola gauzatu duzue azterlana?
Lantalde bat sortu genuen konpartsetan dauden euskaltzaleekin, eta txantiloi bat diseinatu genuen konpartsaz konpartsa azterketa bat egiteko. Hala nola programazioa, txosnek jartzen duten musika, kanpora begirako komunikazioa, hizkuntza paisaia, eta muntaketetan eta txandetan aritzen direnen errealitatea ikertu ditugu. Horrekin batera, konpartsei eskatu diegu pentsatzeko ea eremu bakoitzean konpromisorik hartzeko aukera duten edo ez. Horrela erabaki du konpartsa bakoitzak aurten indarrak non jarriko dituen.
"Programazioa, txosnek jartzen duten musika, kanpora begirako komunikazioa, hizkuntza paisaia, eta muntaketetan eta txandetan aritzen direnen errealitatea ikertu genuen"
Ikerketa egin ondoren, zenbait datu argigarri aurkeztu dituzue. Besteak beste, konpartsek programatzen duten ekintzen %54 euskaraz direla jakinarazi duzue; erdara hutsean, berriz, %16. Txosnetan topa daitezkeen mezuen eta adierazpen publikoak, berriz, %81 euskaraz direla azaldu duzue. Eta boluntario txandak egiten dituzten lautik hiruk euskaraz egiten dutela ere bai. Azken hori indartu daitekeela ere badiozue, hamarretik bederatzik egin baitezakete.
Urte pare bat daramatzagu barran txandak egiten dituztenentzat eta eskatzera doazenentzat zenbakiak eta ohiko produktuak euskaraz nola diren adierazten. Hiztegi bat sortu genuen lehen hitza euskaraz izan dadin beti. Helburua euskaraz egin nahi duenak eroso egin ahal izatea da.
Daturik baxuena, beharbada, musikari dagokio, ezta?
Bai. Txosnako bozgorailuetatik jartzen den musikaren %27 baino ez da euskaraz. Aurreikusten genuen daturik kaskarrena horixe izango zela, musikari lotutakoa, baina positiboki baloratzen dugu, hobetzeko aukera gehien hor dagoelako. Hala ere, nabarmentzekoa da konpartsa bakoitzean oso errealitate diferenteak daudela, bai biltzen den jendearengatik, baita antolakuntzan daudenen aldetik ere. Adibidez, txosna batzuetan jada kuota batzuk ezarrita zituzten; eta bertze batzuetan, berriz, esan dute orain arte ez dutela sekula euskararen faktorean arreta jarri, eta aurrerantzean jarriko dutela.
Bilboko Udalak bere egitarau propioa du. Zer iritzi duzu euskararen presentziari dagokionez?
Egia esan ez dut aurtengo udalaren Aste Nagusiko programazioa aztertu, baina Gukak duela hilabete batzuk azterketa egin zuen, Bilboko Udalak otsailean eta martxoan helduentzako eskainitako jardueretan euskaren presentzia aztertzeko. Kiroldegi publikoetako ikastaroen errealitatea ikertu genuen, baita udaltegietako ikastaro eta tailerrena ere, eta kultur eskaintzari ere erreparatu genion. Oso-oso datu kaskarrak ziren.
Bilbon euskaldunak “itota” daudela adierazi zenuten.
Erdalduntze makina bat dago martxan Bilbon, eta metafora horrekin azaldu nahi izan genuen, hautu indibidualarekin batera, espazio erosoak behar direla euskaraz egiteko, euskaraz ez dakienak ikasteko nahi edota behar hori sentitzeko, eta ikasten ari denak ere non praktika dezakeen izateko. Gaur egungo errealitatea da euskalduna korrontearen kontra edo itota ibili behar dela euskaraz bizi nahi badu. Aukerak behar dira, eta Bilbon, argi eta garbi, ez dira eskaintzen.
"Hizkuntza politikak aldatu behar dira, eta horregatik dei egiten diegu ardurak dituzten horiei norbere esku dagoena egiteko"
Baina ez da ezinezkoa, ezta?
Konpartsekin batera egin dugun kanpainarekin adierazi nahi dugu euskaraz programatzea eta euskaraz antolatzea posible dela. Euskarak behar ditu, batetik, euskararen aldeko hautua egingo duten euskararen aldeko militanteak; eta baita ere, bestetik, euskaraz eroso aritzeko espazioak, arnasgune txikiak. Horrekin batera, eskubideak behar ditu euskarak, eta, euskaldunok, berriz, babesa. Horretarako hizkuntza politikak aldatu behar dira, eta horregatik dei egiten diegu ardurak dituzten horiei norbere esku dagoena egiteko.
Hain justu, horretarako sortu zenuten Guka.
Duela bi urte pasatxo sortu genuen, eta saiatzen gara kanpainen bidez euskaldunei euskarak egiteko aukerak eta espazioak sortzen. Euskaren aldeko lana esparruz esparru egin behar da, dena zipriztintzea lortu arte. Hortaz, elkarlanean ari gara jai batzordeekin, kirol elkarteekin eskolekin eta euskaltegiekin.
Zer espero duzu Bilboko Konpartsekin sortutako elkarlanaz?
Balioan jartzen dugu egin dugun elkarlana, Bilboko Konpartsak ez direlako espresuki euskararen aldeko talde bat, baina bai boteregune bat zeinak positiboki eragin dezakeen euskarari dagokionean. Hortaz, espero dut kanpaina honek zeresana ematea, eta txip euskaltzalea piztea maila ugaritan. Aste Nagusia igarota, nahiko genuke egindakoa baloratu eta ikusi badagoela hurrengo urratsak gogoz pentsatzeko giroa.