Askotariko zapalkuntzen aurrean, antolakuntza feminista aldarrikatu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

  • Hiriburuetan eta hainbat herritan deialdiak egin ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak Beste mundu bat feminismotik lelopean. Milaka feministak aldarri antiinperialista, antikolonial eta antirrazista egin dute, gerraren aurkako garrasiekin batuta; intersekzionalitate ariketa handiak hartu du Euskal Herria.

Bilboko manifestazioko pankarta. Pello Maudo Herrero/ARGIA CC-BY-SA

2026ko martxoaren 8an - 17:00
Azken eguneraketa: 2026-03-09 13:39
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Leloak berak argi utzi du aurtengo Martxoaren 8aren norabidea: Inperialismoaren aurka, borroka feminista zioen Jesusen Bihotzean zabaldu duten pankartak. Bilbo Feminista Saretzen kolektiboak deitu du hiriburuko manifestazioa, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kide gisa: hain zuzen ere, gainontzeko hiriburuetan ere izan dira mobilizazioak, Beste mundu bat feminismotik lelopean. Faxismoaren, eskuin muturraren eta inperialismoaren gorakadaren aurrean, antolakuntza feminista aldarrikatu dute hiriburuetako kaleetan, eta feminismo “antifaxista, antirrazista, antikapitalista, internazionalista eta transfobia eta zapalkuntza ororen aurkakoa” defendatu dute.

Aldarriok ez dira kasualitatea izan, aurten EHMFk egindako irakurketa borroken arteko aliantzena izan baita. Intersekzionalitatea, beraz, puri-purian eta ikuspegi feministarekin: horixe aldarrikatu dute aurtengo Martxoaren 8an. Horren harira, ez dira Martxoaren 8ra mugatu, martxoaren 17ko greba orokorra ere gogoan izan dute, eta bertara batzeko deia zabaldu dute. “Ondorio latzenak emakumeok, disidentziek, arrazializatuek, migratuek, sexu langileek, desgaitasuna edo aniztasun funtzionala duten emakumeek, pentsionistek edo gazteek pairatzen ditugu. Martxoaren 17ko greba orokorrean asko izango gara gure eskubideak aldarrikatzeko", adierazi du Marta Perez Bilbo Feminista Saretzen-eko kideak.

Manifestazioaren deialdia plazaratu zuenean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak salatu zuen “gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak” direla nagusi egun munduan, eta horien aurka antolakuntza feminista aldarrikatu du. Hain zuzen ere, aldarri horiexek entzun dira Kale Nagusian zehar. Giro bereziki bero eta bizia izan da manifestazioan, garai bateko batukaden ordezko mikrofono eta ahots soil batek gidatu ditu aldarri guztiak: jendea dantzan jarri dute, baita abesten ere, dena aldarri feministek apainduta. 

Gerraren aurkako aldarria etengabe errepikatu dute pankarta atzeko kideek (“Industria militarra indarkeria patriarkala da”), baita antifaxismoaren aldekoak ere (“Faxistek entzun dezatela: borroka feminista antirrazista ere bada”). Antiinperialismoa (“Trump, nire klimaterioari ez zaio zure inperioa gustatzen”) eta, batez ere, antisionismoa oso presente egon dira (“Patriarkatua eta sionismoa txanpon beraren bi aurpegi dira”).

Jesusen Bihotza atzean utzi ahala, zutabe gehiago joan dira batzen manifestazioaren zutabe nagusira. Hantxe egon dira etxeko langileak, eta gogoan izan dituzte, hain zuzen ere, bertaratzerik izan ez dutelako, etxeko langile egoiliarrak: “Ez gaude denok, egoiliarrak falta dira”.

Borrokan dauden askotariko herrietako emakumeen ahotsek agurtu dituzte manifestariak udaletxe atarian. Azken diskurtsoa baino lehen, hamaika herritako emakumeen ahotsa entzun da, Mendebaldeko Saharatik hasi eta El Salvadorreraino; Costa Rican errefuxiatuta dauden Nikaraguarrengandik hasi eta AEBetako pertsona trans eta bi espiritu pertsonenganaino. “Krisi globalak” zapaltzen dituenek hartu dute ahotsa, eta erresistentzia eta elkartasun mezua plazaratu dute.

EHMFk bereziki azpimarratu du beren borrokak trans pertsonen eta sexu langileena ere barnebiltzen duela, izan ere, Bilbon beste bi deialdi ere izan dira mugimendu abolizionista bik deituak. 

Itaiak, sozialismoaren aldarria

Emakume langileok askatzeko sozialismoa eraiki lemapean, manifestazioa egin du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere, hiriburuetan eguerdian eta arratsaldez zenbait herritan. Bilbon, Eliptika Plazan hasita, Alde Zaharrera arteko bidea egin du "emakume langileek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde". Itaiak ere azpimarra jarri du bizi baldintzen okertzean eta ideologia faxista hartzen ari den indarrean. Horren aurrean, antolakuntza politikoaren premia azpimarratu du, eta emakume langileek borroka horretan lehen lerroa behar dutela aldarrikatu du. 

Bestalde, antolakundeak Martxoaren 8aren izaera iraultzailea aldarrikatu nahi izan du, erakundeek "aurpegi zuriketarako eta batasun abstraktua lortzeko" erabili dutela salatuta.


Martxoak 8 kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Teknologia
Korapiloa

2025eko martxoaren 12
M8

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.