“Ertzaintzaren inpunitatea salatzeaz gain, injustizien aurkako borrokak beharrezko eta zilegi direla defendatuko dugu”

  • Ertzaintzaren indarkeria eta inpunitatea salatzeko manifestazioa egingo dute hainbat eragilek Bilbon ekainaren 20an. Azken urteetan hau pairatu duten kolektibo eta norbanako ugari elkartu dira horretarako. ARGIAk antolatzaileetako bat den Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako Ixone Santamariarekin hitz egin du.

Ekainak 20ko manifestazioaren prentsaurrekoa. Mahaian eserita daudenetatik, eskubikoa da Ixone Santamaria. Antolatzaileak.

2026ko ekainaren 16an - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zerrenda luzeagoa da, baina batzuk aipatzearren: Flotilako kideei Loiuko aireportuan, Iker Aranari Bilbon, Amaya Zabarteri Donostian, edo Xuar Pazosi Tolosan (Gipuzkoa). Lehen gertakaritik azkenera lau urte daude eta guztiak batzen ditu pairatu duten Ertzaintzaren indarkeriak. Hori salatzeko, hainbat eragileek mobilizazioa egingo dute Bilbon ekainaren 20an –17:30ean, Plaza Eliptikotik–, Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean. 

Honako hauek dira mobilizaziora deitu duten eragileak: Euskal Herriko Global Sumud Flotilla, Amaya Zabarte, Justizia Aranarentzat plataforma, Gazte Koordinadora Sozialista, Errekaleor Bizirik, Azpeitia Errepresioaren Aurka, Herri Norte Taldea, Bultzada Txuri-Urdina, Iraultza 1921, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Mbolo Moye Doole. 

“Herri mugimenduko elkarteak gara, justizia sozialean oinarritutako eta inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldekoak”, esan du Ixone Santamaria (Gasteiz, 1998) Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak. Nabarmendu duenez, azken boladan Ertzaintzaren partetik errepresioa jasan duten eragileetako batzuk dira, baina ez dira bakarrak. “Kezkaz bizi dugu abian dagoen kanpaina: herri mugimenduak kriminalizatu eta poliziaren inpunitatea [bermatu]”. 

Aste batzuk igaro dira Global Sumud Flotillako euskal herritarrak Euskal Herrira iritsi zirela. Ez zen esperotako harrera izan; Loiuko aireportura iritsi orduko ertzainak haien aurka oldartu ziren, jo eta haietako bi eta harrera egitera joan ziren beste bi atxilotu zituzten. Azkar zabaldu ziren gertutakoaren bideoak zein argazkiak. Loiun gertatutakoa “erabakigarria” izan zen eragileentzat: “Egun horretan euskal jendarte osoak ikusi ahal izan zuen nola oldartu zitzaien Ertzaintza Flotillako kideei, nor eta Israelgo estatu terroristak bahitu eta torturatu zituen ekintzaileak”. Eta ez hori bakarrik. “Segurtasun sailburuak ez zuen ardurarik hartu eta, gainera, jazarritako kide horien kontrako kriminalizazio eta difamazio kanpaina abiatu zuen”. 

“Uste dugu unea dela Eusko Jaurlaritzak herri mugimenduen aurka darabilen kriminalizazioari aski esateko eta errepresioari mugak jartzeko”

Eragileentzat, esapideak dioen bezala, Loiuko aireportuan gertatutakoa azken ur tanta izan da. Izan ere, ez da Ertzaintzaren jarrera bortitzaren erakusle bakarra. “Euskal Herrian badaude poliziaren inpunitate horri izen abizenak jartzen dizkieten zenbait pertsona, adibidez, Iker Arana, Amaia Zabarte, Xuar Pazos edo Aritz Ibarra. Kasuak oso entzunak izan dira baina poliziaren inpunitatea da agerikoena. Pazosen eta Zabarteren auziak birritan izan dira artxibatuak, eta, zoritxarrez, Aranaren eta Ibarraren kasuak ere bide beretik doazela dirudi”, gogoratu du Santamariak. 

“Mahai gainean jarri nahi dugu inpunitate osoz identifikatzen, jotzen eta atxilotzen gaituztela, izan gaztetxeak zabaltzeagatik izan etxegabetzeak gelditzen saiatzeagatik edota arrazializatuak izateagatik”. Hortaz, elkartu eta mobilizazio bat antolatu dute. “Uste dugu unea dela Eusko Jaurlaritzak herri mugimenduen aurka darabilen kriminalizazioari aski esateko eta errepresioari mugak jartzeko”. 

“Autokontrola”

Imanol Pradalesek Aurkautin egindako azken agerraldian “autokontrola” eskatu zien ertzainei. Manifestazioaren deitzaileei “ulergaitza” zaie lehendakariaren eskakizuna. “Krisi testuinguru batean bizi gara, bizitzaren garestitzea, soldaten murrizketak… Horrek sor dezakeen ezinegon soziala zapaltzeko, Poliziaren konpetentzia errepresiboak handituz doaz. Poliziek gero eta inpunitate handiagoa dute, arma eta baliabide gehiago dituzte”. 

Eusko Jaurlaritza haratago doala uste du Santamariak: “Eusko Jaurlaritzak haien [ertzainen] egiteko moduak justifikatzen ditu eta horiei aurre egiten diegun eragileen aurkako diskurtso kriminalizatzailea darabil. Are, gero poliziek kriminalizazio hori bera erabiltzen dute baliabide gehiago eskatzeko. Sorgin gurpila da". 

Poliziaren egiturazko funtzioa

Azken hilabeteetako eztabaidagaietako bat Polizia eredua izan da. Ordea, ekainaren 20an mobilizatuko diren eragileen ustez, funtsa ez da eredua, baizik eta poliziaren egiturazko funtzioa. “Polizia kapitalismoaren defentsarako eta gaur egun gauzak dauden bezala mantentzeko instituzioa da. Hortaz, poliziak gutxi batzuen interesak defendatzen ditu”. Esate baterako: “Poliziak definizioz jabetza pribatua defendatuko du eta ez etxebizitza eskubidea, eta erreprimitu egingo ditu borroka antifaxista eta greban dauden langileak”.

Eragileen ustez, Poliziaren jazarpena eragiten duen erroko kausari heldu behar zaio, kapitalismoan betetzen duen funtzioa mahai gaineratu. Horregatik, ekainaren 20an Bilbon Ertzaintzaren “inpunitatea” salatzearekin batera, injustizia horien aurkako borroka “beharrezkoak eta zilegi" direla defendatuko dituzte. 

Oraingoz ez dute asmorik bestelako mobilizaziorik egiteko, baina azpimarratu du eragile bakoitzak bere jardunean jarraituko duela. “Momentu honetan garai latzak bizi ditugu: krisiarekin, genozidio batekin, larrialdi klimatikoarekin, emakumeen aurkako indarkeriarekin… Garai honetan mobilizazioa zilegi izateaz gain, behar-beharrezkoa dugu, mobilizazioa baita herri mugimenduaren tresna”.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...