Elkarretaratzea egin dute Espainiako Poliziak Muskizen (Bizkaia) eta Erromon (Bizkaia) egindako bi atxiloketak gaitzesteko. Antolakundearen hitzetan, gertakaria ez da ekintza soila, baizik eta "Euskal Herriaren aurkako oldarraldiaren" parte. Bestalde, Zupiriak kritikatu egin du Espainiako Poliziaren jarduna "bere eginkizunen gainetik" egin duelako, azaldu duenez, ordena publikoaren auziak Ertzaintzaren eskumenak direlako.
Espainiako Poliziak astelehen arratsaldean Muskizko (Bizkaia) eta Erromoko (Bizkaia) bi pertsona atxilotu zituen, ustez gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren egunean Espainiako selekzioaren kamiseta bat zeraman bati jotzeagatik. Ordea, ASKE antolakundearen arabera, atxiloketak ez dira gertakari soila, baizik eta Euskal Herria "menderatuta mantentzeko oldarraldiaren" parte. Hala salatu du asteartean Muskizen atxiloketak gaitzesteko eta atxilotuei elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzean.
Antolakundeak azaldu duenez, pertsonetako bat lanetik ateratzean atxilotu zuten, eta Indautxuko (Bilbo) komisaldegira eraman zuten. Bien bitartean, antolakundeak ez zuen informaziorik jaso: "Poliziak ukatu egin zion deia egitea. Ondorioz, ez genekien zergatik atxilotu zuten, noiz pasako zen epaiaren aurretik eta ezta noiz utziko zuten aske ere".
Hogei ordu geroago, astearte arratsaldean, aske utzi zuten, lesioak, gorroto delitua eta desordena publikoa egitea egotzita. Elkarretaratzean salatu dute liskarrean parte hartu izana leporatzea "aitzakia" baino ez dela, atxiloketa egiteko "bere militantzia politikoan oinarritu" baitira. Izan ere, azpimarratu dute "Espainiako faxismoak" egunak daramatzala Euskal Herriaren aurkako ikurrak zabaltzen eta haren alde mobilizatutako jendearen aurka egiten, besteak beste, sareetan mehatxu eginez eta jendearen datu pertsonalak partekatuz.
Antolakundearen iritziz, oldarraldiaren helburua da "asimilazioaren aurkako edozein mugimendu kriminalizatzea", eta mugimenduko kideak "kikiltzea". Eta hori, Euskal Herria "sistematikoki jazartzen eta okupatzen" duten "indar errepresiboek" egiten dute, antolakundearen hitzetan.
Bi pertsona atxilotu dituzte asteon, baina gehiago ere izan daitezkeela ohartarazi dute, Espainiako Poliziak operazioa abiatu baitu partidaren eguneko istiluen harira. Hain zuzen, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak berretsi egin du ikerketa. Horregatik, antolatzeko deia egin du ASKEk: "Atxiloketa hauen aurka ez ezik, hurrengo egunetan gertatu daitezkeen atxiloketen zein oldarraldien aurka antolatzeko deia luzatzen diogu Euskal Herri Langileari".
Espainiako Polizia "bere eskumenen gainetik", Zupiriaren arabera
Zupiria, kazetarien galderei erantzunez, kritiko agertu da Espainiako Poliziaren jarreraren aurrean. Sailburuaren arabera, atxiloketak egiterakoan "bere eginkizunetatik kanpo" jardun du. Izan ere, azaldu duenez, herritarren segurtasunaren eta ordena publikoaren inguruko auziak Ertzaintzari dagozkio, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioari jarraika, baita 1989ko Gernikako Estatutuaren arabera ere.